Mendieta eta Kintana Espainiako Txapelketetan

Guaixe 2019ko uzt. 26a, 12:28
Ruben Mendieta, atletismo pistan korrika. Argazkia: Karlos Lizoain.

Bihar Federazio Arteko Espainiako Atletismo Txapelketa absolutuak jokatuko dira Larrabiden. Ruben Mendieta olaztiarra 800 metroko lasterketan ariko da eta June Kintana bakaikuarra disko jaurtiketan eta pisu-jaurtiketan

Bihar, larunbatean, Federazio Arteko Espainiako Atletismo Txapelketa absolutuak jokatuko dira Iruñeko Larrabide estadioan. Goizeko 9:30ean hasiko da txapelketa, mailu-jaurtiketarekin, eta azkeneko proba, 4x400 errelebo mistoak 21:20ean hasiko da. 12 orduko atletismo jardunaldia izanen da, eta bertan bi sakandar ariko dira: June Kintana Larraza disko-jaurtitzaile bakaikuarra eta Ruben Mendieta atleta olaztiarra. Biak Pamplona Atletico-Grupompleo taldeko kideak dira. Aipatu taldea Nafarroako atletismo talderik onenetakoa da. June Kintana da disko-jaurtiketako urrea lortzeko hautagai nagusiena eta Ruben Mendietak lan ahalik eta hobea egin nahi du 800 metrotan.

Ruben Mendieta: ʺDisfrutatzera aterako naiz. Ea marka hobetzerik dudan”
24 urte ditu Ruben Mendieta olaztiarrak eta txikitan atletismoan hasi zen, Altsasun, Dantzalekun. Baina kadete mailan zegoela utzi egin zuen eta ondoren futbolean hasi zen. Lakuntzako Lagun Artea taldean ibili zen, baina duela lau urte inguru futbola utzi eta atletismoan hasi zen, Iruñean. Lasterketa herrikoietan parte hartzen hasi zen, atletismoak guztiz harrapatu zuen eta gutxika Pamplona Atletico-Grupompleo taldearekin federatu eta atletismoan erabat murgildu zen olaztiarra.

Distantzia erdiak doazkio hobe. ʺIraupen-erdiko lasterkaria naiz. Espainiako Atletismoko lehen mailako ligetan eta txapelketetan 800 metroko probatan aritzen naiz bereziki, eta baita 400 metrokoetan, Pamplona Atletico-Grupompleo nire taldearekin. Denboraldian barna Nafarroako eta Espainiako estalitako pisten txapelketak ditugu, gero pista irekienak… denetatik ” aipatu digu Mendietak. Erresistentzia eta abiadura, horiek dira ezinbestekoak iraupen-erdiko probetan.

Larunbatean Federazio Arteko Espainiako Atletismo Txapelketan ariko da Mendieta, 800 metrotan. Nafarroako selekzioarekin estreinatuko da. Pamplona Atletico bere klubean entrenatzaile duen Ignacio Santamaria da Nafarroako selekzioko iraupen-erdiko atletismoko teknikari-arduraduna, eta, hortaz, olaztiarrak ez du aparteko aldaketarik sumatu. ʺSantamariarekin entrenatzen jarraituko dut, ohi bezala. Astelehenetik ostiralera bitartean eta igandetan entrenatzen dut, ordu eta erdi inguru egunero, eta larunbatetan atseden hartzen dut” azaldu digu korrikalari olaztiarrak. Egunerokoan, lana eta atletismoa uztartzen ditu; astean zehar Iruñean bizi da eta asteburutan Olaztira doa. Bere bizitza atletismoari lotuta dago, baina herriko betiko lagunekin eta atletismoko lagunekin egoteko tartea hartzen du.

Larunbatean 800 metrotan ariko da Ruben Mendieta. Bere marka 1:52:96koa da, Nafarroako bigarren markarik onena. ʺNire helburua disfrutatzea eta lana ahalik eta hobekien egitea da, denbora ahalik eta onena egitea. Ea nire marka hobetzerik dudan” dio. Larrabide estadioan, 18:30ean abiatuko da gizonezkoen 800 metroko proba. Rubenek ez daki zehazki nor izango dituen arerio. ʺLarunbatean bazkaltzera bilduko gara taldekideak, eta orduan ikusiko dugu nor ariko den probetan eta aukera izango dugu lasterketa zehozer planifikatzeko. Dena den, korrikalari asko ez ditut ezagutuko, lehen aldiz ariko naiz beraiekin, eta, hortaz, hobe espektatiba gehiegi ez izatea” aitortu digu.

June Kintana, urrezko domina lortzeko faboritoa
June Kintana emakumezkoen disko jaurtiketan eta emakumezkoen pisu jaurtiketan ariko da. 12:40ean hasiko da disko jaurtiketa txapelketa, eta 19:50ean pisu jaurtiketa probak. Gauzak ongi, jaurtitzaile bakaikuarra da disko txapelketako urrezko domina lortzeko faboritoa.
Aurten, esaterako, maiatzean Castellonen jokatutako Espainiako Unibertsitateen Arteko Atletismo Txapelketetan urrezko domina lortu zuen June Kintanak, 54,99 metroko jaurtiketarekin, eta martxoan jokatutako Espainiako Neguko Jaurtiketa Luzeen Txapelketan ere lehena izan zen, 53,46 metroko jaurtiketarekin.