Mank-ek bere Plan Estrategikoa eginen du

Alfredo Alvaro Igoa 2019ko uzt. 27a, 12:56

Sakanako Mankomunitatearen egoitza Lakuntzan.

Ibarreko erakundearen kudeaketa eta gobernantza eredua definitzeko hausnarketa prozesua zabalduko da, “Sakana bizitzeko ibar bizia eta erakargarria izan dadin zer egin dezakegun jakin nahi dugu”   .

Lehenik 2014-2020 Sakanako Plan Estrategikoa izan zen. Ondoren 2030 Bakaikuko Plan Estrategikoa etorri da. Eta hurrengoa 2020-2025 Sakanako Mankomunitateko Plan Estrategikoa  izanen da, 2012-2015 aldirako egin zenari segida emanen diona. Ibarreko erakundeak plana egiteko deialdia egin du, eskaintzak atzora arte egin zitezkeen. 20.661 euro (BEZ kanpo) ordainduko ditu Sakanako Mankomunitateak lanagatik.

Nafarroako Tokiko Maparen erreformarekin herrialdean dozena bat eskualde eratzeko aukera izanen da eta horietako bat Sakana da. Plana gauzatzeko parte hartze prozesua eginen da. Haren bidez, “hurrengo urteetarako Sakanako gobernantzako funtsezko ildoek zein izan beharko luketen zehaztu nahi da. Horrekin batera, egun Mank-ek eskaintzen dituen zerbitzuak baloratu eta hobekuntzak proposatzea lortu nahi dute. Gainera, eskualde bihurtzeko prozesuan Mank-ek bere egin ditzakeen zerbitzuak zein diren identifikatu nahi du”. Ibarreko erakundeak parte hartze prozesu zabal baten bidez lau galderei erantzuna opatu nahi die: zer gara eta zer izan nahi dugu? Zer eskaintzen diegu herritarrei eta zer eskaini nahi dugu? Zein da ibarraren elementu bereizlea? Helburu estrategikoen definizioa zein da?

Epeak
Mank-eko Plan Estrategikoa bi epetan eginen da. Aurreneko lan epeak hiru zati ditu. Lehenik, plan estrategikoa egiteko herritarren parte hartze zabaleko eta komunikazioko proiektuak aurkeztu beharko dira. Besteak beste, udalek, Mank-eko langileek, elkarteak, Sakanako Sozio-ekonomia Behategiko kideek eta sakandarrek planaren gauzatzean parte hartzea nahi dute. Ondoren, lan talde bat eratu eta egungo egoeraren diagnosia eginen dute. Lehen epeko azken lana parte hartze prozesuen bidez plan estrategikoa egiteko bide-orria eta ekintza konkretuak zehaztea izanen da. Lan horiek guztiak azaroaren 11rako despeditu beharko dira. Lanaren bigarren epean plan estrategikoaren azken proposamena aurkeztu beharko da, hari emendakinak egin eta onartua izan dadin. Egiteko hori otsailaren 29rako despedituta egonen da.