Zer gertatu da langileak kalera protestan ateratzeko?
Lan harremanei dagokienez, orain arte klinikan nahikoa egoera baretua izan dugu. Ezusteko galanta jaso dugu. Izan ere, eszedentzian egondako langile batek bere lanpostura bueltatzea eskatu zuenean, erantzuna sekulako zaplastekoa izan da: kaleratzen dutela esan diote, inongo arrazoirik eman gabe. Enpresak berak aitortzen du ez dagoela inongo arrazoirik kaleratzeko. Kale gorrian jarri dute. Langileek eraso horren aurrean zerbait egin behar zela ikusi dute. Horregatik, elkarretaratzea eginen dute, elkartasuna eta haserrea adierazteko eta, bide batez, enpresari eskatzeko kaleratzea bertan behera utz dezan.
Kaleratzea argudiatzeko arrazoirik eman dute?
Ez. Emandako gutunean bertan aitortzen dute ez dagoela inongo arrazoirik langilea kaleratzeko, baliogabeko kaleratzea dela. Gehiago gustatzen zaiela eszedentzia garaian egon den langilea eta, beraz, inongo arrazoirik gabe, dirua ordainduz, kaleratzen dute. Hori ez da guztiondako ona den irteera bat. Gerenteak aldebakarrekotasunez hartutako erabaki nahiko zakarra izan da.
Eszedentzia eman badiote…
Langile horrek ez zekien euskaraz, eta euskaltegi batean euskara ikasten egon da. Familiei arreta hobea eskaini nahi zien horrela. Egia da Nafarroa guztiko gaixoak etortzen direla, baina eremu euskaldunean gaude, eta familiek ere eskertzen dute arreta euskaraz egiten denean. Bera euskaltegian trebatu zen, eta bueltatu denean berarendako tokirik ez dagoela esan diote. Euskararen kontu horrekin larritasun handiagoa du kaleratzeak.
Zer gertatu da urtebetean klinikan iritzia aldatzeko?
Gerente berria dauka, eta aurreko gerentearekin hartutako konpromisoak bertan behera gelditu dira. Langileen eskubideak ezin dira egon gerente baten edo bestearen arbitrariotasunaren menpe. Eskubideak dauzkagu, eta horiek indarrean jarri behar dira.
Bidegabe kaleratutako langilearen alde egin daiteke?
Bai. Alde batetik, plantilla ia-ia osoak elkartasuna adierazi dio. Epaitegian salaketa jarriko dugu. Ikusi beharko dugu zein den enpresaren jarrera. Enpresa batzordeak klinikari erabakia bertan behera uzteko eskatu dio. Irmotasunez adierazi digute ez duela atzera bueltarik haiek emandako pausoak. Momentuz, bai kalean, bai epaitegietan, gure eskubideak jorratzen saiatuko gara.
Klinika patronatu batek zuzentzen du. Hango kideekin hitz egin duzue?
Oso kezkatuta gaude. Gerentea hartutako erabaki bat da, baina atzean patronatu bat dago. Horko kideak dira Altsasuko alkatea, Sakanako Mankomunitateko presidentea eta Altsasuko izen esanguratsu batzuk. Neurri batean haiek ere erantzukizuna dute langile horren kaleratzean. Haiekin harremanetan jarri gara, eta haiek badakite ez gaudela batere pozik egindako sarraski horrekin.
Hurrengo pausoak zein dira?
Kontzentrazioaren ondoren enpresarekin adiskidetze-ekitaldia egiten saiatuko gara. Ikusiko dugu ere zein den langilearen animoa. Halako bat gertatzen denean, langileak asko sufritzen du. Ikusi beharko dugu noraino heldu nahi duen, zer nolako indarra dauka eta zein den enpresaren jarrera.
Langileek urteak daramatzate Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoa aurrera ateratzeko izugarrizko lana eta sakrifizioak egiten. Zein da haien egoera?
Lan eskubideek aurrerapauso bat eman dute. Duela gutxi lan hitzarmen bat sinatu genuen. Alde horretatik, pozik geunden.
Zerbait aurreratzen ari zirela ikusten genuen. Kolpe honek errealitatera bueltatu gaitu eta langileen artean ezinegona sortu da. Urte asko egon dira pentsatuz euren lanpostuak ez direla finkatzen, agian klinika egun batetik bestera ixteko arriskua zegoela… Orain barealdi baten erdian geundenez, jasotako berri horrek ezinegona eta haserrea sortu ditu.
Etorkizunaz ari garela. Nafarroako Gobernuak klinikarekin hitzarmena sinatu eta 250.000 euroko dirulaguntza emanen ziola aurreratu zuen. Martxoaren 8an salatu zuten oraindik ez dela iritsi dirua. Zer dakizu horretaz?
Ez da iritsi eta, ziur asko, ez da inoiz iritsiko. Bere garaian egindako promesa bat izan zen. Ez da gauzatu. Agintariek, politikariek, batzuetan errealitatearekin jolasean dutela eta argazki bat lortzeko edozer gauza egiteko prest daude.
Bitartean langileek klinikaz tiratu dute eta aurrera segitzen du.
Klinikaren balio nagusia bere langileak dira. Bokaziozko-langileak dira. Gustura lan egiten dute. Konpromiso maila oso handia da. Eta, horregatik, klinikak aurrera segitzen du. Klinikak Nafarroan eta estatuan duen arrakasta sekulakoa da.