Turin (Italia) eta Lyon (Frantzia) Abiadura Handiko Trenaren (AHT) bidez lotzeko proiektuak 30 bat urte ditu. Bi hiriak lotzeko, proiektuak Alpeen azpitik 57 km-ko tunel bat egitea aurreikusten du. Proiektuak 8.700 milioi euroko aurrekontua du. Egitasmo horren kontra borrokan 27 bat urte darama No TAV mugimenduak Italiako Susa ibarrean. Hiru hamarkada horretan ibarrak errepresio handia bizi izan du: ibarra militarizatu diete, isunak jaso dituzte, aurkarien espetxeratzeak eta beste izan dira. Aldi berean, mobilizazio handiak ere hartu ditu Susak.
Arabako eta Nafarroako AHTaren kontrako plataformako kideak, Sakana Trenaren Alde, AHTrik ez! Plataformakoak barne, Susa ibarrera joan ziren herenegun; eta igandera arte han izanen dira. Azaldu digutenez, “No TAV mugimenduak urtero AHTaren kontrako jardunaldiak antolatzen ditu eta 4.000 eta 5.000 pertsona artean elkartzen ditu. Tailerrak, hitzaldiak eta beste izaten dira jardunaldietan. Gure asmoa litzateke heldu den urtean hemen halako zerbait antolatzea”.
Haietan parte hartzeaz aparte, arabarrek eta nafarrek No TAV mugimenduko kideekin esperientziak elkar trukatuko dituzte. “Mugimendu zabala da, katolikoak, anarkistak, komunistak… daude”. Susa ibarreko hautetsiekin ere harremanetan izanen dira. “AHTaren kontrako borroka urteetan nola landu duten jakin nahi dugu eta hango esperientziaren berri izan”. Plataformetako ordezkariek azaldu digutenez, hautetsi italiarrak hona gonbidatu nahiko lituzkete bertako hautetsiei AHTaren inguruko haien esperientzia azaltzeko.