Klinikako langileek kaleratze “bidegabea” salatu dute

Guaixe 2019ko uzt. 26a, 09:28

Langileek kontzentrazioaren ondoren pankarta udaletxe pareko lorategian zintzilikatu dute.

Euskara ikasteko urtebeteko eszedentzia eskatu zuen langilea kaleratu egin dute Josefina Arregi klinika psikogeriatrikora bueltatzean. Langileek kontzentrazioen bidez “elkartasuna eta haserrea” adierazi dituzte.

Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoa sakandarrek asko estimatzen duten erakundea da. Estimu hori han egiten den lanaren aitortza da. Horregatik, klinikak egoera zailak bizi izan dituenean sakandarrek defendatu dute haren etorkizuna. Aste honetan askorendako ezustea izan da jakitea bidegabeko kaleratzea izan dela osasun egoitzan. Langileek kaleratzea “injustua” dela salatu dute, eta haien artean “ezinegon handia eta ziurgabetasuna sortu ditu”.

Langileek kaleratutako kidea berrartzeko eskatuz aurreneko kontzentrazioa hilaren 13an egin zuten, klinikako atarian. Atzo, berriz, kontzentrazioa egin zen Altsasuko udaletxe parean. 200 bat pertsona elkartu ziren, kaleratzea salatzeko eta langileari elkartasuna adierazteko. Enpresa Batzordeko (ELAko 3) kide Esther Gasanzek azaldu digunez, urtebeteko eszedentziaren ondoren, kaleratutako langileak hilaren 9an bueltatu behar zuen lanera. “8an gerenteak kaleratze gutuna eman zion, kalean zegoela zioena”. Gasanzek argitu digunez, “kaleratzerako ez dago argudio bat bera ere. Ez dakigu zein argudiotan oinarritu diren erabakia hartzeko. Bidegabeko kaleratzea izan dela aitortzen dute”.

Eszedentziaz
Gasanzek aitortu digu kaleratutako langilea “gaizki” dagoela. “Zure lanbidean aurrera egiteko ikasteko eszedentzia bat hartzen duzu, eta lanera bueltatzean kalean zaude!” Kaleratutako langilea urtebetez Lazkaoko barnetegian euskara ikasten aritu da. “Eszedentzia trebatzeko eskatu zuen, klinikari eta erabiltzaileei zerbitzu hobea eman ahal izateko”.

ELAko Sakanako arduradun Gorka Viergek gaineratu duenez, “Nafarroa guztiko gaixoak etortzen dira,; baina eremu euskaldunean gaude, eta familiek ere eskertzen dute arreta euskaraz egiten denean. Euskararen kontu horrekin larritasun handiagoa du kaleratzeak”. Viergek gaineratu duenez, gertatutakoa kaleratutako langilearendako “sekulako zaplastekoa” izan dela nabarmendu du. ELAko arduradunak azaldu duenez, klinikak “beste gerente bat dauka, eta aurreko gerentearekin hartutako konpromisoak bertan behera gelditu dira. Langileen eskubideak ezin dira egon gerente baten edo bestearen arbitrariotasunaren menpe”.

Gasanzek jakinarazi digunez, badago klinikan beste langileren bat gehiago eszedentzia eskatuta duena. “Guri sortzen zaigun zalantza da zer gertatuko den hurrengoekin. Espero dugu antzeko panorama ez izatea”. Viergek azaldu duenez, kaleratutako langileari “plantilla ia-ia osoak elkartasuna adierazi dio”.

Egoera
Klinikan lanean ari direnak “gaizki” daudela eta lanerako giroa ez dela “batere ona” aitortu du Gasanzek. “Oso gaizki jaso genuen erabakia. Orain ea nola egiten diogun aurre egoera honi”. Enpresa batzordeko kideak guztia bideratzeko lankidea bere lanpostuan “berehala” onartua izatea aldarrikatu du. “Eskaera horri ez dakigu nola erantzunen dioten ez gerentziak ezta patronatuak ere”. Atzoko kontzentrazioaren ondoren langileek batzarra egin, baloratu eta orduan erabakiko dute mobilizazioekin aurrera egin edo ez.

Viergek azaldu digunez, “epaitegian salaketa jarri dugu. Ikusi beharko dugu zein den enpresaren jarrera. Enpresa batzordeak klinikari eskatu dio erabakia bertan behera uzteko. Irmotasunez adierazi digute ez duela atzera bueltarik haiek emandako pausoak. Momentuz, bai kalean, bai epaitegietan, gure eskubideak jorratzen saiatuko gara”. Aurrena, hala ere, enpresarekin adiskidetze-ekitaldia egiten saiatzea izanen da. “Ikusiko dugu ere zein den langilearen animoa. Halako bat gertatzen denean, langileak asko sufritzen du. Ikusi beharko dugu noraino heldu nahi duen, zer nolako indarra daukan eta zein den enpresaren jarrera”.

Patronatua
Gerenteak egunerokoa kudeatzen badu ere, klinikaren martxa patronatu batek zuzentzen du. “Kaleratzearen berri izan genuen egunean enpresa batzordekoek hots egin genien. Bazekitela esan ziguten. Gerentziaren erabaki bat dela esaten dute, eta beraiek erabakia onartzen dute”. Viergek nabarmendu du “oso kezkatuta” daudela. “Horko kideak dira Altsasuko alkatea, Sakanako Mankomunitateko presidentea eta Altsasuko izen esanguratsu batzuk. Neurri batean haiek ere erantzukizuna dute langile horren kaleratzean. Badakite ez gaudela batere pozik egindako sarraski horrekin”.

Lan hitzarmena
50 eta 60 langile artean ditu klinikak, hiruzpalau kenduta, denak emakumezkoak dira. Aspaldiko partez lan hitzarmena berritu zuten joan den hilabetean. Gasanzek esan digunez, “lortu ditugun hobekuntzak oso txikiak dira. Nabarmenena soldataren arlokoa da. Baina, beno, % 1,25eko igoera lortu dugu. Eta oporren kontua zer edo zer”. Viergek gaineratu duenez, “zerbait aurreratzen ari zirela ikusten genuen. Kolpe honek errealitatera bueltatu gaitu eta langileen artean ezinegona sortu da. Urte asko egon dira pentsatuz euren lanpostuak ez direla finkatzen, agian klinika egun batetik bestera ixteko arriskua zegoela… Orain barealdi baten erdian geundenez, jasotako berri horrek ezinegona eta haserrea sortu ditu.

Nafarroako Gobernuak aurreko legegintzaldian 250.000 euroko dirulaguntza agindu zion Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoari. Laukorik ere ez da iritsi. Viergeren iritziz, “agintariek, politikariek, batzuetan errealitatearekin jolasean dutela eta argazki bat lortzeko edozer gauza egiteko prest daude”. Gasanzek gaineratu duenez, “dirua iritsi balitz, lan baldintzak hobeak izanen ziren”.