Inoizko Tourrik irekiena Alpeek erabakiko dute

Guaixe 2019ko uzt. 26a, 10:02

Atzo hasi ziren Alpeetako etapa erabakigarriak, bihar despedituko direnak. Hiru egun hauetan erabakiko da Frantziako Tourra, eta Alaphilippek maillot horiari eutsiko ote dion, eta Thomasek, Pinotek, Bernalek, Quintanak eta Landak zer egingo duten dira zaleen jakinmin nagusienak. Izagirrek hobetzea eta Erbitik Landa laguntzea espero dute

Atzo hasi ziren Alpeetako etapa erabakigarriak, bihar despedituko direnak. Hiru egun hauetan erabakiko da Frantziako Tourra, eta Alaphilippek maillot horiari eutsiko ote dion, eta Thomasek, Pinotek, Bernalek, Landak eta Quintanak zer egingo duten dira zaleen jakinmin nagusienak.

Movistar Team taldeko Eusebio Unzuek esan bezala "Tourrean inoiz ikusi ez dena ikusten ari gara. Ez dut halako Tourrik gogoratzen”. Eta Unzuek 37 urteko esperientzia du Tourrean. Azken txanpara iritsi da 100. Frantziako Tourra, Le Grande Bouclé nork irabaziko duen argi ez dagoela. Alaphilippek (Deceuninck) eusten du, Ineos taldeko Geraint Thomasek eta Egan Bernalek aukerak dituzte, Groupama-FDJ taldeko Thibaut Pinot horiz jantzita ikusten dute askok, Mikel Landak Alpeetan eraso egingo duela adierazi du eta podiumean egoteko aukerak ikusten ditu, atzoko etapa Nairo Quintanak irabazi zuen eta sailkapenean gora egin zuen… Igandera arte ez dugu jakingo Parisera nor iritsiko den horiz.

 

Atzokoa

Atzo, ostegunean, Alpeetako etapa potoloa jokatu zen, Tourreko etaparik gogorrena, kategoria bereziko Izoard eta Galibier ezagunak tarteko zirela. Ziordiko bizilagun Gorka Izagirrek (Astana) esana zuen."Alpeetakoak etapa oso gogorrak dira eta nik uste dut sailkapenean bueltak egongo direla. Pirinioetan egunero jendea erortzen aritu da, eta Alpeetan hala jarraituko duela uste dut. Eta, era berean, ez dut uste orain erorita dagoen norbaitek burua altxatuko duenik”. Atzo, Nairo Quintana (Movistar) eta Gorka Izagirre bera eguneko ihesaldian sartu ziren –une batzuetan 7 minutuko eta erdiko aldea atera zieten faboritoei– baina Izoard igotzen 34 txirrindulariz osatutako taldea apurtu egin zen. Galibier igotzen, Galibier gainera heltzeko 7,5 kilometroren faltan, Quintanak eraso gogorra jo zuen, bakarrik geratu zen, jaitsieran tartea mantentzea lortu zuen eta bakarrik iritsi zen helmugara, merezitako garaipena lortuz. Eta faboritoen taldean, Alaphilippek maillot horia mantentzea lortu zuen.

Sailkapen orokorrean Alaphilippek (Deceuninck) jarraitzen du lider. Egan Bernal (Ineos) bigarren postura igo da, 1:30era, eta Geraint Thomas (Ineos) hirugarrena da, 1:35era. Kruikswijk (Jumbo) da laugarrena, 1:47ra; Pinot (Groupama) bosgarrena, 1:50era; Buchmann (Bora) seigarrena, 2:14ra; Quintana (Movistar) zazpigarrena, 3:54ra; eta Mikel Landa (Movistar) zortzigarrena, 4:54ra. Sakandarrei dagokienez,Gorka Izagirre (Astana) 45.a da eta Imanol Erbi (Movistar) 101.a.

Gorka Izagirrek Alpeetan hobe aritzea espero du

Aurtengoa ez da Tour ona izaten ari Gorka Izagirrerendako. Bere zazpigarren Tourra da honakoa, baina ez zen ondo iritsi, Espainiako Txapelketetatik nerbio ziatikoko arazo batzuekin baitzetorren. Aurtengo Tourra "kosta egiten” ari zaiola onartu zuen. "Nik ikusten dut ez nagoela ondo. Erdipurdikoa izatean ari da, ez dut pedal kolpea aurkitzen” aipatu zuen. Talde aginduak jarraitu ditu goierritarrak, Fugslang liderraren alde egitea, baina astearteko erorikoaren ondoren, Tourra utzi behar izan zuen Fugslangek eta Astana taldeak estrategia aldatzera behartuta ikusi du bere burua. Bere sasoia aurkitzea, hori da orain goierritarraren helburua, pedal kolpea aurkitzea, eta horregatik, Alpeetan hobeto egotea espero zuen. Asteazkenekoetapan seigarrena sartu zen, eta nork daki zer egiteko kapaza izango den.

Erbiti Mikel Landaren edo Quintanaren esanetara
Unzuek eta Jose Luis Arrieta uhartearrak gidatzen duten Movistar Team taldeak bi taldebururekin hasi zuen Tourra: Mikel Landa eta Nairo Quintana. Pirinioetan huts egin ondoren, Landak hartu zuen taldeko lidergoa, baina atzoko ihesaldiak fruitua eman zuen, eta Alpeetako bi etapa hauetan gertatzen denaren esperoan, Quintana eta Landa, biak dira taldeburuak. Liderra bata edo bestea dela, Hiriberriko Imanol Erbiti talde-gizon preziatuaren babesa izango dute biek. Nairo Quintanak eta Mikel Landak badakite oso zaila izango dutela, baina Alpeetan tartea atera eta sailkapenean aurrera egitea espero dute, eta podiuma zapatzea ez dute alde batera uzten.

Alpeetan datorrena
Oraindik Alpeetako beste bi etapa menditsu gogor dituzte txirrindulariek, 2.000 metrotik gora jokatuko direnak. Hortaz, altuerara hobekien egokitzen dena izango da Frantziako Tourra irabaziko duena. Gaur, ostiralean, Saint-Jean-De-Mauriennen hasi eta lehen mailako Tignes gainean despedituko da etapa menditsua, 3. mailako Col de la Madeleine eta kategoria bereziko Col d l´Iseran gainditu eta gero. Eta larunbatean, Alpeetako beste etapa ikusgarria dago jokoan, Albertvillen hasi eta kategoria bereziko Val Thorensen despedituko dena, lehen mailako Cormet de Roselend eta 2. mailako Côte de Longefoy pasa eta gero. Eta etapa hauetan erabakiko da Tourra: liderra, podiuma eta gainontzeko maillotak. Hortaz, igandeko Champ Elyseetako etapa baino lehen, badago zertaz gozatu.