Haren presidente Maria Txibite litzateke eta sozialistak zortzi departamenturen buru lirateke, Geroa Bai laurena, eta Ahal Dugu bakarrarena. Lortutako akordioa militante sozialistek berretsi dute. Haiei egindako galdeketan % 89,34 alde agertu baita. Ahal Duguk gaur jakinaraziko du bere kideek zer dioten.
Hala ere, lauko berriak ez du nahikoa parlamentari Txibite lehendakari izendatzeko. 23 dituzte eta 26 behar dira. EH Bilduren abstentzioa beharko lukete gutxienez sozialista presidente izendatzeko. Koalizio abertzaleak bere kideei zer bozkatu beharko duten galdetuko die bihar, baina EH Bilduko Nafarroako mahaiak abstentzioaren aldeko jarrera agertu du.
Bitartean Nafarroako Parlamentuan gaur mugimendua izanen da. Unai Hualde Iglesias buru duen erakundeak agorrilean bilkurak egiteko beharrezko pausoak emanen ditu. Bestetik, Hualde ordezkaritza duten alderdiekin elkartuko da. Litekeena da ostegunean eta ostiralean egindako bilkuren ondoren Nafarroak presidente berria izatea.