Erbitik eta Izagirrek Tourra despeditu dute

Guaixe 2019ko uzt. 29a, 12:54

Egan Bernalek irabazitako Tourrean, kolonbiarrak 1:11ko aldea atera dio Geraint Thomas bere taldekideari (Ineos) eta 1:31koa Kruijswijkiri (Jumbo). Mikel Landa (Movistar Team) seigarrena izan da, 4:23ra. Arrietaren eta Erbitiren Movistar Team talderik onena izan zen, baina horrek ez ditu bete talde urdinaren helburuak

Alpeek Tourra erabakiko zutela jakina zen, baina nola izango zen inork gutxik espero zuen. Ostiraleko Alpeetako etapa gogorrean, antolakuntzak bertan behera utzi behar izan zuen etapa, kazkabarrarengatik eta bukatzeko 25 kilometroren faltan. Ez zen edonolako kazkabarra. Bidea txuri-txuri geratu zen, elurra kentzeko makinak hura garbitu ezinik, eta kazkabarrak lur-jausiak sortu zituen Val d’Isere inguruan, bidea itxi zutenak. Horrela, Iseran gaineko denborak aintzat hartu zituen antolakuntzak eta etapa bertan behera geratu zen.

Egoera horretan galdu zuen maillot horia Julian Alaphilippek. Faboritoen artean, 22 urteko Egan Bernal kolonbiarra iritsi zen lehena Iseran gainera, Thomas, Kruijswijk, Buchmann, Uran eta Landari 1:03 aterata. Alaphilippe 2:10era pasa zen, eta Thibaut Pinotek proba utzi behar izan zuen, belauna minberatuta zuela. Larunbateko etapak ez zuen apenas eraginik izan eta Egan Bernal iritsi zen garaile atzo Parisera.

Movistar Team, talderik onena
Sailkapen orokorrean, Egan Bernalek (Ineos) 1:11ko aldea atera dio bere taldekide Geraint Thomasi eta 1:31koa Kruijswijk (Jumbo) txirrindulariari. Laugarrena Buchmann (Bora) izan da, 4:05era, bosgarrena Alaphilippe (Deceuninck), 4:05era, eta seigarrena Mikel Landa (Movistar) 4:23ra. Landaren eta Quintanaren alde lan itzela egin dute Movistarrekoek, Imanol Erbitik tartean. Sailkapen orokorrean 99.a sailkatu da Erbiti, 3:04:34ra. Unzuek eta Jose Luis Arrietak gidatzen duten taldea oholtzara igo zen, Tourreko talde onena izan baita, baina sari horrek ez du talde urdina guztiz ase. Mikel Landak erorikoan galdutako bi minutuak gogoan dituzte, eta Quintanak ere, nahiz eta osteguneko etapa irabazi, ez du oro har, espero zen maila eman. Tourreko lehen 10 postuetan Landa, Quintana eta Valverde sailkatu dira, baina Amador, Soler eta Erbiti talde txirrindulariek egindako lan itzela ez dute behar bezala kudeatzen jakin. Hurrengorako estrategia aldatu beharko dute.

Ziordian bizi den Gorka Izagirrerendako (Astana) ez da Tour ona izan. Bere zazpigarren Tourra osatu du ormaiztegiarrak, baina Fugslang liderraren alboan egon behar izan zuen hasieran, taldearen akats taktiko eta tekniko potoloak tarteko, eta liderrak erorikoa izan eta erretiratu eta gero askatasun handiagoa izan zuen Izagirrek eta azken etapetako ihesaldietan aurrean ikusi dugu. Asteazkeneko etapan seigarrena izan zen, baina sailkapen orokorrean 42.postuan bukatu du, 1:40:17ra.

Mendiko sailkapena Romain Bardetek (Ag2r) irabazi du, puntuen sailkapena Peter Saganek (Bora) eta gazteen sailkapena irabazleak, Egan Bernalek (Iseos). Izan ere, Bernalek soilik 22 urte ditu, eta etorkizun oso oparoa aurretik. Eta zer esan bere taldeaz. Tourreko azken 8 edizioetatik 7 irabazi ditu egun Iseos baina aurretik Sky taldea zenak, Wigginsek (2012), Froomek (2013, 2015, 2016 eta 2017), Geraint Thomasek (2018) eta Egan Bernalek (2019) lortutako garaipenei esker.