Zabaletaren Elordi taldea Bizkaiko Torneorako finalerako sailkatu da, baina Etxarrengo atzelaria lesionatu egin zen

Guaixe 2019ko uzt. 29a, 13:55

Elordik eta Anbotok jokatuko dute Bizkaiko Torneoko finala, abuztuaren 20an, Bilboko Aste Nagusian. Osatuz gero, Zabaleta izango da gure ordezkari bakarra

Ostegunean, Santiago egunean, Bizkaiko Torneoko finalerdia jokatu zuten Ermuan Jose Javier Zabaletaren Oiz taldeak eta Gorbeia taldeak. Buruz buru, lehenik eta behin Elordik (Oiz) Egiguren (Gorbeia) izan zuen aurkari. Partida estuan, Elordik irabazi zuen, 18 eta 16. Ondoren Binakakoaren txanda izan zen. Elezkano II.ak eta Jose Javier Zabaletak (Oiz) Altunaren eta Ladis Galarzaren kontra jokatu zuten. Baina partida hasi eta berehala Zabaletak min handia sumatu zuen eskuin eskuan. Etxarrengo atzelariak ez zekien esaten nola egin zuen lesioa, baina badirudi partida aurreko beroketan jada eskua minberatuta sentitu zuela. Partida jokatu zuen, baina sufrikario hutsa izan zen  berarendako. Azkenean, 10 eta 22 galdu zuten Elezkanok eta Zabaletak. Etxarrengo atzelariak eskua minduta du eta atseden hartu beharko du hurrengo egunotan. Sanferminetako Torneoa irabazi eta partida ikusgarriak jokatzen ari zen Zabaleta, sasoi betean zegoen, akaso bere momenturik onenetakoan, eta, horregatik, lesio hau une makurrenean iritsi da. Larunbatean Lodosan aritzekoa zen baina Ladis Galarzak ordezkatu behar izan zuen. Dena den, espero dugu aurki osatu eta frontoietara itzultzea, udako torneoak pil-pilean baitaude.

Bizkaiko Torneoko azken partidan, lau t’erdian, Jakak (Oiz) 18 eta 9 irabazi zion Retegi Biri (Gorbeia). Horrela, Zabaletaren taldea, Bizkaiko Torneoko finalerako sailkatu da. Ea Bilboko Aste Nagusirako finalerako Zabaletak osatzerik duen.

Bakaikoa torneotik kanpo
Bizkaiko Torneoko beste finalista Anboto da (Olaizola II.a-Aretxabaleta binaka; Laso lau eta erdian eta Arteaga buruz buru). Atzo, igandean, jokatu zuen finalerdia Joanes Bakaikoaren Sollube taldearen kontra, Zierbenan. Lehen partidan Arteagari (Anboto) 15 eta 18 irabazi zion Urretabizkaia II.ak (Sollube) buruz buru, baina bikain erantzun zuen Anbotok, binakako partidan Olaizolak eta Aretxabaletak (Anboto) 12 tantotan utzi baitzituzten Artola eta Albisu (Sollube). Eta berdinketa hausteko partidan, lau t’erdian, Lasok (Anboto) 18 eta 14 irabazi zion Joanes Bakaikoa etxarriarrari (Sollube).

Hortaz, esan bezala, Bizkaiko Torneoko finala Zabaletaren Oiz taldeak eta Anbotok jokatuko dute, abuztuaren 20an, Bilboko Aste Nagusian.