June Kintana, Espainiako disko jaurtiketa txapelduna

Guaixe 2019ko uzt. 30a, 12:55
June Kintana larunbatean Larrabiden. Argazkia: Utzitakoa.

Larunbatean Larrabiden jokatutako Federazio Arteko Espainiako Atletismo Txapelketan disko jaurtiketan urrezko domina jaso zuen, 52,39 metroko jaurtiketarekin. Pisu jaurtiketan 13.a sailkatu zen bakaikuarra, 10,57ko jaurtiketarekin. 800 metroko lasterketan 11.a sailkatu zen Ruben Mendieta olaztiarra (1:54,98). Gaur June Kintana, Ruben Mendieta eta Izaskun Beunza Larrabidean ariko dira, Jose Luis Hernandez Memorialean (17:45)

Larunbatean Federazio Arteko Espainiako Atletismo Txapelketak jokatu ziren Iruñean, Larrabide Estadioan. Txapelketak ikusgarriak izan ziren eta Larrabide goraino bete zen, atletismoaren festa handian. Kataluniako selekzioa izan zen txapeldun handia, 546 punturekin. Nafarroa 9.a sailkatu zen (358 puntu), eta lau urre (June Kintana, Asier Martinez, Sergio Fernandez eta Miren Bartolomé), hiru zilar (Adrian Valles, Nerea Bermejo eta Maitane Melero) eta bi brontze (Izaskun Turrillas eta Manu Quijera) lortu zituen.

June Kintanaren urrea
June Kintana atleta bakaikuarrak bi txapelketatan hartu zuen parte. Batetik, disko jaurtiketan aritu zen, eta ez zuen areriorik izan. Bakaikuarrak urrezko domina lortu zuen, 52,39 metroko jaurtiketarekin. Bigarrena Andrea Alarcon kataluniarra (47,95 m) eta hirugarrena Paula Ferrandiz valentziarra (47,53 m) izan ziren. Kintana ere emakumezkoen pisu jaurtiketan aritu zen. Ursula Ruiz murtziarrak lortu zuen urrezko domina (16,21 m) eta June Kintana 13.a sailkatu zen (10,57 m).

Ruben Mendieta 11.a
Ruben Mendieta olaztiarra gizonezkoen 800 metroko lasterketan aritu zen. Oso proba lehiatua izan zen, esprint itxian despeditu zena, photo finishak erabaki behar izan zuena. Murtziako selekzioko Mariano Garcia gailendu zitzaion (1:47.43) ehuneneko oso gutxirengatik, Pablo Sanchez-Valladares madrildarrari (1:47.47) eta Llorenç Sales kataluniarrari (1:47.77). Ruben Mendieta 11.a iritsi zen helmugara (1:54.98), eta bi segundogatik ezin izan zuen bere marka gainditu (1:52.96). Hala ere, olaztiarra egindako lanarekin kontentu dago.

Ruben Mendieta, Izaskun Beunza eta June Kintana Jose Luis Hernandez Memorialean ariko dira gaur
Gure atletek ez dute atseden gehiegirik hartzeko tartea izan, toki berean jokatuko baita Jose Luis Hernandez Atletismo Memoriala, gaur, asteartean, 17:45etik aurrera. Sarrera doan izango da.

Hainbat proba jokatuko dira. Sakandarrei dagokienez, Ruben Mendieta (Grupompleo) izango da lehiatzen lehena. 18:45ean hasiko den gizonezkoen 400 metroko lasterketan hartuko du parte korrikalari irurtzundarrak. Izaskun Beunza olaztiarra (Beste Iruña) izango da hurrena; 19:40ean abiatuko den emakumezkoen 1.500 metroko lasterketan ariko da. Bukatzeko, June Kintana (Grupompleo) emakumezkoen disko jaurtiketan lehiatuko da, 20:15etik aurrera. Dohako Mundialei begira bere marka hobetzen saiatuko da bakaikuarra.