Ezkurdia eta Zabaleta, elkarrekin atzera ere

Guaixe 2019ko uzt. 30a, 10:58

Andra Maria Zuria Torneoan bikoa osatuko dute sakandarrek. Eskuko minak onera egin diola aitortu du Zabaletak eta biharko prest egon nahi du

Gasteizko Andra Maria Zuria Torneoa antolatzeko, kosta egin da aldeak ados jartzea; baina atzo, astelehena, aurkeztu zuten. Abuztuaren 5ean abiatuko da torneoa. Laburragoa izango da aurten eta lau bikok hartuko dute parte; abuztuaren 5ean eta abuztuaren 6an finalerdiak jokatu ondoren, abuztuaren 9an final handia jokatuko da.

Aspeko bikoak Irribarria-Rezusta eta Ezkurdia-Zabaleta dira, eta Baikokoak Bengoetxea VI.a-Imaz eta Urrutikoetxea-Albisu. Besteak beste, Altunaren eta Aimar Olaizolaren falta sumatzen da, baina euren enpresek beste torneo batzuetarako dituzte erreserban. Ezkurdia eta Zabaleta bikote sakandarra Sanferminetako Torneoa irabaztetik datoz, eta Zabaletak berak sarritan esana du Ogeta bere frontoirik kuttunetakoa dela, oso ondo doakiola eta nahiz eta sarritan Gasteizko Andra Maria Zuria Torneoa irabazi, aurten ere torneoa lortzeak ilusio handia emango liokeela. Badirudi ostiralean Ermuan eskuin eskuan sentitutako oinazeak gainditu dituela –Etxarrengoak oraindik ez zekien azaltzen beroketan zer gertatu zitzaion, baina baliteke takoetan burbuila bat sortu izanak eragin ahal zituela oinazeak– eta bihar Azpeitian Olaizola II.arekin batera Altunaren eta Albisuren kontra jokatuko duen partidarako prest egotea espero zuen, eta, jakina, Gasteizerako zer esanik ez. Beraz, Gasteizko torneoa irabazteko faboritoen artean daude sakandarrak.