Igor Arrieta Euskadiko azkarrena

Guaixe 2019ko uzt. 30a, 13:41

Larunbatean Igorren jokatutako Euskadiko Junior Mailako Erlojupekoa irabazi zuen Sakana Group taldeko uharte arakildarrak eta Santiago egunean jokatutako Euskadiko Juniorren Txapelketan hirugarrena izan zen

Uztailaren 25ean, Santiago Egunean, Euskadiko Juniorren Txapelketa jokatu zen Busturian. 95 kilometroko lasterketa gogorra izan zen Busturiakoa, erasoz betetakoa, eta ihesaldi bikaina egin eta gero hirukote bat iritsi zen batera helmugara (2:27:22); esprint estuan, Lander Lartitegi (Nabiga 360) gailendu zitzaien Mikel Retegiri (Lizarte) eta Igor Arrietari (Sakana Group). Aitor Alberdi arbizuarra (Sakana G.) 12.a sailkatu zen, 4:28ra; Unai Aznar (Quesos Albeniz) 25.a, 6:03ra; Jon Gil (Ermitagaña) 28.a, 6:08ra, eta Iker Mintegi (Q. Albeniz) 36.a, 8:06ra. Podiumeko hirugarren postura igo zen Igor Arrieta, baina bi postu gora egin zituen bi egun geroago.

Izan ere, uztailaren 27an Euskadiko Junior Mailako Erlojupeko Txapelketa jokatu zen Igorren, 17 kilometroko distantzian. Sakana Group taldeko Igor Arrietak hegan egin zuen eta 21 minutu eta 49 segundotan gelditu zuen kronometroa. 16 segundo atera zizkion Iñaki Diaz bigarrenari (Limousin-Oriako) eta 20 segundokoa Enekoitz Azparreni (Ampo-Ikolan Sports). Ikusgarri aritu zen uharte arakildarra, eta merezitako Euskadiko txapelduna dugu.

Gainontzeko sakandarrak ere bikain ibili ziren. Unai Aznar laugarrena sailkatu zen, 32 segundora; Iker Mintegi bosgarrena, 47 segundora; eta Aitor Alberdi seigarrena, 58 segundora. Emakumezkoetan Naia Amondarain (Murias-Limousin) izan zen azkarrena (25:07), Amaia Lartitegiri (CAF Turnkey Engineering) 9 segundo aterata.