Moolman-Pasiok irabazi zuen atzo Emakumezkoen Nafarroako Klasikoko lehen etapa

Guaixe 2019ko uzt. 31a, 10:23

Emakumezkoen txirrindulari onenak bildu dituen klasikoko lehen etapa Lekunberrin despeditu zen, Uharte Arakildik Aralar igo eta gero

Atzo hasi zen Emakumezkoen Nafarroako Txirrindularitza Klasikoa. Emakumezkoen txirrindulari onenak ari dira lehiatzen, 126 guztira, 19 taldetan. Atzo lehen etapa jokatu zen, Iruñean hasi eta Lekunberrin despeditu zena. Tropela Lizarraldetik ibili zen, eta Lizarragako portua igo eta gero, Lizarragara sartu eta Uharte Arakildik Aralarko santutegira igo zen. Zalantzarik gabe, pistako igoerak baldintzatu zuen Lekunberrin despeditu zen etapa, eta CCC taldeko Ashleig Moolman-Pasio iritsi zen bakar-bakarrik helmugara. Moolman-Pasiok erasoa jo zuen Aralarko igoeran, baina jaitsieran Lucy Kennedyk (Michleton) harrapatu zuen, baina helmugan Moolman-Pasio hegoafrikarra azkarragoa izan zen eta garaipena lortu zuen.  

Nafarroako Klasikoko bigarren etapa bihar jokatuko da, ostegunean. Goizeko 10:10ean Iruñetik abiatuko dira txirrindulariak, eta Etxaurira jo eta gero, Lizarraldean barna ibiliko da proba. Lodosan despedituko da (120,7 km).