Kadeteak: Martxel Etxeberriaren garaipena Villatuertan eta Jon Chamorrorena Beran

Guaixe 2019ko uzt. 31a, 13:41

Sakana Group Aralar taldeak larunbateko Villatuertako lasterketa irabazi zuen eta Quesos Albeniz-Burundak igandeko Berako lasterketa

Kadeteek bi lasterketa izan dituzte asteburu honetan Nafarroan eta bi talde sakandarrak, Sakana Group-Aralarrek eta Quesos Albeniz-Burundak, garaipen bana lortu dute.

Larunbatean 22. Talleres Guro Trofeoa jokatu zen Villatuertan. Sakana Group-Aralar taldeak bikain kontrolatu zuen proba eta helmugara batera iritsitako 15 txirrindularien artean gailendu zen talde lakuntzarreko Martzel Etxeberria txirrindulari iturmendiarra (1:19:53). Bigarrena Restaurante El Volante taldeko Xabier Zabala izan zen eta hirugarrena Sakana Group taldeko Jon Erdozia etxarriarra. Mikel Uncilla (Q. Albeniz) bosgarrena sartu zen, eta seigarrena Aimar Tadeo (Sakana G.). Gainontzekoak beranduago iritsi ziren. Oihan Etxeberria (Q. Albeniz)  18.a sailkatu zen, Jon Chamorro (Q. Albeniz) 22.a, Alex Lopetegi (Sakana G.) 27.a, Aitor Ondarra (Sakana G.) 29.a eta Unax Trevejo (Q. Albeniz) 31.a.

Jon Chamorroren mustutzea
Hurrengo egunean Nafarroako iparraldean batu zen kadeteen mailako tropela, Berako 16. Sarian. 44 km-ko lasterketa gorabeheratsuan bi txirrindulari iritsi ziren batera helmugara eta Quesos Albeniz taldeko Jon Chamorrok kategoriako bere lehen garaipena lortu zuen (1:04:04), Scania-Erro taldeko Aimar Berangoren aurretik. 33 segundora sartu zen tropel nagusia, Quesos Albeniz taldeko Hugo Aznar buru zela. Martzel Etxeberria laugarrena sailkatu zen, Aimar Tadeo zortzigarrena, Jon Erdozia bederatzigarrena eta Mikel Uncilla hamargarrena. Atzera ere, sakandarren nagusitasuna ezbaikoa izan zen, baina bezperan Sakana Group-Aralar gailendu baitzen, igandean Quesos Albeniz-Burunda, taldekako sailkapenean lehena. Ander Villalobos 19.a sartu zen, Oihan Etxeberria 20.a eta Alex Lopetegi 27.a. Lopetegik tartekako helmugen sailkapena irabazi zuen.

Eskolakoak Olaztitik Lakuntzara
Ostiralean kategoria txikiko eskolen probak jokatu ziren Olaztin, Burunda taldeak antolatutakoak, eta larunbatean Los Arcosen. Lakuntzak hartuko du lekukoa, larunbatean, abuztuaren 3an, eskola mailako probak jokatuko baitira, 16:00etan, Sakana Group-Aralar taldeak antolatuta.