Amerikarrak, Ihabarren poztasunez hartuko zaituztete

Guaixe 2019ko abu. 22a, 12:45
Udako arratsaldeetan Ihabarko plaza entsegu-leku bihiurtu da eta aktoreak Jon Barbarinen esanetara aritu dira.

Ihabarko antzerki taldeak Ongietorri, Marshall jauna filmaren adaptazio arakildarra eginen du abuztuaren 23an eta 24an Ihabarko plazan

"Hau ez da gelditzen". Jon Barbarin antzerkigilea 2004an iritsi zen Ihabarrera. 2007an kontzejuan sartu zen, eta herrian antzerki tailer bat egitea pentsatu zuen. Horrela, duela hamarkada bat baino gehiago sortu zen Ihabarko antzerki taldea. Urtero, udako hainbat egunetan biltzen dira antzezlan bat sortzeko. Oinarria beti Ihabar da. Hortaz, munduaren hasiera Ihabarren kokatu zuten, zirkua iritsi zen; kabareteko pertsonaiak ere izan ziren ihabartarrak. Aurten, Ongietorri, Marshal jauna (Bienvenido, Mrs. Marshal) pelikularen adaptazioa eginen dute. Abuztuaren 23an eta 24, ostiralean eta larunbatean, iluntzean, 22:00ak aldera, mustuko dute antzezlana, plazan.

Antzerkia jolasteko leku bat dela dio Barbarinek. Baita elkarrekin egoteko ere. Talde lana sustatu daiteke antzerkiarekin. "Magikoa da". Hortaz, Ihabarko antzerki taldeari Antzerki sozial gastronomikoa deitzen dio. Antzerkia egiten dute; jolasten dira; merenduak eta afariak egiten dituzte ere. Herria egiteko modu bat da. "Belaunaldi askotako jendea elkartzen da; oso polita da". Hamar urte baino gehiago daramatzate antzezlanak egiten, baina Barbarinek esan duenez "ez didate ezetz esaten uzten".

2019ko antzerki taldean 50 pertsona inguruk parte hartuko dute, helduen eta haurren artean. Helduak 20 bat inguru izanen dira, eta haurrak 30 izanen dira, gutxi gorabehera. "Askok errepikatzen dute. Hasieratik daramatenak asko dira". Gainera, urtez urte publiko gehiago irabazi dute ere, Ihabarko antzezlana udako ezinbesteko bat bihurtuz. Urtero obra bat mustu dute.

Jendearen inplikazioa ezinbestekoa dela azaldu du Barbarinek. "Bestela ez litzateke posible izanen". Beraz, antzezlana Barbarinen ideia den arren, guztiek ekarpenak egiten dituzte. Gainera, jantziteria eta eszenografia ere elkarlanean egiten dute. "Atikus taldearen lagunek jantziak uzten dizkigute ere, baina gehienbat jendearen inplikazioa da".