Kontzertu berezia eginen du Errozko Udal Orkestrak, eta berezia izanen da, urtean bakarra izanen delako. Fran Ilarraz (ahotsa, pianoa eta koroak), Nacho Ilarraz (gitarra eta koroak), Javiero Etxeberria (bateria, baxua eta koroak), Mikel Janices (gitarra akustikoa) eta Pablo Ruiz de Erentxun (perkusioa) musikariek osatzen dute Errozko Udal Orkestra, herriko festak animatzeaz arduratzen direnak. Errotz se llama abestia sortu dute; herriaren aldeko oda da. Herritarrak abeslari ere bihurtzen dira Errozko Udal Orkestrarekin.
Lynyrd Skynyrd taldearen Sweet Home Alabama abestiaren doinuarekin Errotz se llama bere abestia sortu du Errozko Udal Orkestrak. "Urbasaren magalean, Oskiaren eta Biaizpen artean" hasten da Errozkori buruzko oda. Umorearekin alde txarrak aipatzen ditu ere; agian, ez direlako hain txarrak. Esaterako, abestiak dio urtean zehar Errotzen eguzki gutxi ikusten dutela, eta udan ere lo egiteko manta behar dutela. Errotz deskribatzen da ere: "zazpi kale eta 20 etxe; txikia da eta xarma badu". Jendeari ongietorria ematen zaiola adierazten du, izan ere, kanpotik herrira bizitzera joandako jendea zein "betiko" erroztarrak elkarrekin bizi direla aipatzen da. Konparaziorako lekua ere badago, eta San Babilen omenezko festarik ez dagoela dio. "Errotz deitzen da nik bizi nahi dudan lekua. Errotz deitzen da, urruti egotea zaila da", dio leloak.
Errozko Udal Orkestra ez da nolanahiko musika taldea eta kontzertua; izan ere, erroztarrak eta bisitariak emanaldian parte hartzera gonbidatuta daude. Kontzertuan abestu eta parte hartu nahi duenak, Fran eta Nacho Ilarrazekin harremanetan jarri behar du. Talde berezi honen atzean, besteak beste, Javiero Etxeberria musikaria dago, Errotzen bizi dena eta Vendettan aritu zena.