55 auto III. Irurtzun-Arakil Rallysprintean

Guaixe 2019ko abu. 2a, 12:16

Larunbatean jokatuko da, abuztuaren 3an, 15:30etik aurrera, baina 09:00etan hasiko dira autoen egiaztapenak. Sakanako bost talde egongo dira: Garikoitz Goñi-Aritz Irurtia, Eneriz Besga-Javier Barrenetxea, Urko Berdud-Mikel Ribero, Ander Gurmindo-Asier Cruz eta Iker Askargorta-Iñaki San Roman

Arakil Motorsport Eskuderiak eta Nafarroako Automobilismo Federazioak, Nafarroako Gobernuaren eta Irurtzun, Arakil eta Larraungo Udalen laguntzarekin, III. Irurtzun-Arakil Rallysprinta antolatu dute larunbaterako. Etxarren eta Larraun artean prestatutako 12,6 km-ko ibilbidea hirutan gainditu beharko dute izena eman duten 55 taldeek eta 15:30ean abiatuko da lehen autoa, baina goizetik mugimendu handia egongo da Irurtzunen. Lasterketa Nafarroako Rally Txapelketarako eta Nafarroako Junior Mailako Rally Txapelketarako baliagarria izango da.  

Goizeko 09:00etatik aurrera hasiko dira autoen egiaztapenak eta 12:00etan auto parte-hartzaileen aurkezpena egingo da Irurtzungo plazan. 55 taldeen artean 5 sakandar daude: Garikoitz Goñi pilotu etxeberriarra eta Aritz Irurtia kopilotu etxarrendarra (Renault Clio Sport, Arakil Motorsport), Eneriz Besga pilotu eta Javier Barrenetxea kopilotu olaztiarrak (Citroen Saxo, Sakana Motorsport),Ander Gurmindo pilotu eta Asier Cruz kopilotu olaztiarrak (Renault Clio Sport, Sakana Motorsport), Urko Berdud pilotu altsasuarra eta Mikel Ribero kopilotua (Renault Clio Sport, Sakana Motorsport), eta Iker Askargorta pilotu olaztiarra eta Iñaki San Roman kopilotua (Opel Astra GSI, Sakana Motorsport). Aipagarria da aurten 2 emakume pilotu kataluniar eta euskaldun bat ariko direla, eta 12 emakume kopilotu.
Euskal Herriko partaideez gain, Katalunia, Asturias, Galizia, Kantabria eta Zaragozako pilotuek hartuko dute parte. Autoen asistentzia gunea Irurtzungo kiroldegiko parkingean eta Atakondoa ikastetxeko patio eta parkingean egongo da. Irurtzungo plazako parke itxitik 15:00etan abiatuko dira autoak ibilbidera.

Etxarrenetik Larraunera
Etxarrengo hormigoizko bidetik abiatuko da kronometratutako ibilbidea, 15:30ean. Zehazki, Gasteizko norabidean, Etxarrengo autobus geltoki parean, eskuinera sartu, herria gurutzatu, trenbidea pasa eta hantxe bertan abiatuko da proba, hormigoizko bidean. Egiarretarantz egingo dute pilotuek, Itsasperri ezkerrean utzi eta Madotzera igo. Madotz igo eta gero, Oderitz eta Astitz pasako dituzte, NA-7500 errepideko 11,300 kilometro puntura heldu, guztira 12,6 km osatuz. Ibilbide hau hirutan egin beharko dute, 37,8 km guztira. Ondoren Irurtzunera bueltatuko dira, 2. mailako errepideetatik. Asteburuan ibilbidea ezagutu eta notak hartzeko aukera izan zuten pilotuek.

Simulatzailea eta dronea
Larunbatean 15:00etan abiatuko da proba. Ibilbidea hirutan osatu beharko dute ibilgailuek. Goizeko 09:00etatik 20:00etara bi simulatzaile birtual egongo dira Irurtzungo plazan, nahi dutenek doan erabili dezaten eta, horretaz gain, drone batek rallyaren irudiak hartuko ditu. Bestalde, Arakil Motorsportek taberna jarriko du Lacturale gurutzean, bertan bilduko diren zaleei zerbitzua emateko. Antolakuntzak aurreikusten du 19:30ak inguruan hasiko dela sari ematea, Irurtzungo plazan.