Juniorren Iruñerriko Itzuliko bi etapa, Sakanan

Guaixe 2019ko abu. 2a, 13:24
Aurreko urtean Josu Etxeberriak (Instersport Irabia-Aralar) irabazi zuen Iruñerriko Itzulia. Aurten Igor Arrieta (Sakana Group-Aralar) eta Mikel Retegi (Lizarte) dira faborito nagusiak.

Asteartean hasi eta ostiralean despedituko da juniorren mailako Iruñerriko Itzulia. Asteazkeneko etapa Etxarri Aranatzen jokatuko da (88,15 km); eta azken etapa, ostiralekoa, Zigako gainetik Irurtzunera sartuko da

Juniorren mailakoendako lasterketa guztiak dira garrantzitsuak baina bereziki bi: Gipuzkoako Itzulia eta Iruñeko Itzulia. Gipuzkoakoa ekainaren bukaeran jokatu zen eta Sakana Group taldeko Igor Arrietak irabazi zuen. Iruñeko Itzulia, aldiz, asteartean, abuztuaren 6an hasi eta 9an despedituko da. Larunbatean Euskadiko Erlojupekoa irabaztetik eta Santiago egunean Euskadiko Txapelketan hirugarren sailkatzetik iritsiko da Arrieta Iruñeko Itzulira, Sakana Group-Aralar taldeko bere taldekideak eta Quesos Albeniz-Burunda taldeko txirrindulariak bezain gogotsu; izan ere, gure taldeek egutegian gorriz markatuta dute Iruñeko Itzulia, are gehiago lau etapa hauetatik 2 Sakanan izanen direla kontuan hartuta. Beraiek daude lasterketa irabazteko faboritoen artean.

Asteartean, abuztuaren 6an, Cordovillako La Morea eta Mutiloa arteko etapa jokatuko da (83 km), eta asteazkeneko etapa, abuztuaren 7koa, festetan murgildua dagoen Etxarri Aranatzen hasi eta bukatuko da (88,15 km). 17:00etan abiatuko dira txirrindulariak Etxarri Aranaztik, Arbizuraino heldu eta Lizarragabengoatik barna Etxarriraino heltzeko. Egiarretaraino joko dute segidan, buelta hartu eta Arbizutik Lizarragabengoara sartu. Etxarri Aranatzera heldu eta gero, 1. mailako Lizarragako katea igoko dute, eta Arbizutik jaitsita, atzera ere Lizarragabengoatik pasako dira. Etxarri Aranaztik gora egingo dute ondoren, Unanuraino igo, Arbizura jaitsi eta Lizarragabengoatik pasatzeko, eta zuzenean Etxarri Aranazko helmugara joko dute. Etapa ederra da, junior mailako tropelak ederki estimatzen duena.

Osteguneko 3. etapa Sarrigurenen jokatuko da (79,2 km) eta ostiraleko 4. eta azken etapa Iruñeko udaletik abiatuko da, 17:00etan. Orikainerantz egingo du tropelak eta Ultzama zeharkatu eta gero, Etxaleku eta Muskiz gaindituko ditu, Zia gainetik Irurtzunera heldu –18:15ean, gutxi gorabehera– eta Izurdiagara jotzeko. Errotz gurutzatu eta gero Iruñeko bidea hartuko du, El Redinen despedituko baita Iruñerriko Itzulia.