Gazte jardunaldiak, segida

Guaixe 2019ko abu. 2a, 08:42
Gazteak LArrazpi eguneko bazkarian. Artxiboa

Irurtzungo eta Arakilgo Gazte Asanbladak (IAGA) aurrenekoz antolatu ditu Gazte Jardunaldiak. Gazteria antolatuz bidea errotu lelo dute jardunaldiek

Atzo hasi ziren IAGOk antolatutako Gazte Jardunaldiak Printza, Larraungo gune autogestionatuari buruzko hitzaldiarekin. IAGAkoek azaldu digutenez, “urteetan gure jardun bakarra udan festak izan dira. Behin festak pasata, aurten hori aldatzeko intentzioz, jardunaldiak antolatzea erabaki genuen”. Aurrekari bat badagoela jakinarazi digute gazte erakundekoek: “duela hiru urte Ergako aterpean gau bat pasatzera igo ginen, eta han hainbat ekintza egin genituen. Ez genion jarraipenik eman. Aurten formatua pixka bat aldatuz jardunaldi hauek antolatu ditugu”.

IAGAko kideek “gazteei eragiten diguten gaurkotasunezko hainbat gai lantzeko tartea” hartu nahi dute jardunaldiekin. “Alde batetik, gazteak eta drogen gaia, drogen erabilera jai eredu kapitalistaren testuinguruan ulertzeko”. Aldi berean, zaintzari buruzko saioan “gure erlazioen oinarriak ulertu eta haien inguruan pentsatzeko tartea izanen dugu. Azkenik, gazte problematikaren inguruko hitzaldian, gazteok gaur egun gizartean zein funtzio betetzen ditugun eta horretaz kontziente izatearen garrantziaz ariko gara”. Guztia ez dira hitzaldiak eta iritzi trukeak izanen. Gazteak elkar ezagutzeko eta erlazioa indartzeko joko ez-lehiakorrak eta herri kirolak, pintxopotea eta gaurko eta biharko bazkariak dituzte.

Egitaraua
Agorrilak 2, ostirala
10:00etan Jolas ez-lehiakorrak, kultur etxean.
12:00etan Hitzaldia: zaintza eta harremanen inguruko hausnarketak, kultur etxean.
14:00etan Bazkaria, Larrazpin.
19:00etan Hitzaldia: gazteak eta drogak, Larrazpin.
20:30ean Pintxo-pote akustikoa, Larrazpin.

Agorrilak 3, larunbata
10:00etan Herri kirolak, Barazki Gunen.
12:00etan Hitzaldia: gazte problematika.
14:00etan, Bazkaria. Ondoren, amaiera ekitaldia.