Goizeder Beltza Nafarroako II. Mailako Aizkora finalerako sailkatu da

Guaixe 2019ko ira. 2a, 15:59

Abuztuaren 17an jokatu zen Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa. Beltza finalean izango da baina Iker Gorriti bidean gelditu da

Abuztuaren 17an Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa hartu zuen Arantzak. 10 aizkolari lehiatu ziren, bi kanaerdiko eta 60 ontzako bat erdibitzeko lanean, eta sailkatu ziren lehendabiziko bost aizkolariek lortu zuten final handirako sailkatzea. 

Jesus Etxeberrik eta Patxi Mindegiak lehia estua izan zuten eta azkenean Beintza Labaiengoak, Etxeberriak, lortu zuen kanporaketa irabaztea (8:30), Zubietako Mindegiari 19 segundo atera eta gero. Xuban Kañamares arostegiarra izan zen hirugarrena (9:11), Goizeder Beltza etxarriarra laugarrena (9:53) eta Mikel Indakotxea zubietarra bosgarrena (10:44). Aipatutako bost aizkolari hauek Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketako finala jokatuko dute oraindik zehaztu ez den toki eta egunean. 

Bestalde, Donato Larretxeak eta Mieltxo Mindegiak txapelketan ez aritzea erabaki zuten eta, ondorioz, beraiek izango dira maila galdu eta hurrengo denboraldian Nafarroako III. mailan ariko direnak.