Espainiako Vueltan erlojupekoa jokatuko dute gaur

Guaixe 2019ko ira. 3a, 15:02

Gorka Izagirre (Astana) eta Imanol Erbiti (Movistar Team) dira gure ordezkariak Espainiako Itzulian. Quintana da lider, baina alde gutxiarekin. Gaur 36,2 kilometroko erlojupekoa dute Jurançon eta Pau artean. 

Abuztuaren 24an hasi zen Espainiako Vuelta eta irailaren 15ean despedituko da. Faborito argirik gabe hasi zen Vuelta, eta oraindik ere airean dago kontua. Orain arte 5 lider izan ditu Vueltak eta egun Nairo Quintana (Movistar Team) dago buruan, baina soilik 6 segundo ateratzen dizkio Roglici (Jumbo), 17 segundo Lopezi (Astana) eta 20 segundo bere taldekide Valderderi. Beraz, ez dago ezer erabakita. Gorka Izagirre (Astana) eta Imanol Erbiti (Movistar Team) dira gure ordezkariak Vueltan, azken hau Jose Luis Arrieta uhartearraren aginduetara.

Giroa nahasia dago Movistar Teamen. Nairo Quintana Arkea Samsic taldera joango da eta Richard Carapaz Ineos taldera, eta Mikel Landa Beharain-Merida taldearekin negoziatzen dabil. Horretaz gain, aurreko eguneko Andorrako etapan Marc Solerrek protesta egin zuen, aurrean zegoela, etapa irabazteko aukerekin, taldetik Quintana itxaroteko agindua eman ziotenean. Taldean ez dago giro, eta egoerari buelta ematen saiatu beharko da Jose Luis Arrieta. Imanol Erbitik, ohi bezala, liderren alde lan ixila egingo du, lan ordainezina. 

Gaur Jurançon eta Pau arteko 36,2 kilometroko erlojupekoa jokatuko da Vueltan, sailkapen orokorrean eragin nabarmena izango duena. Trazatu gorabeheratsua du, eta egoera horietan ongi moldatzen diren txirrindulariek tartea aterako dutela aurreikusten da. 

Bihar Euskal Herrian sartuko da Vuelta
Asteazkenean Euskal Herrira iritsiko da Vuelta, Saint Palaisen hasi eta Urdax-Dantxarinean despedituko baita, 180 kilometroko etapa nahasian. Ostegunean, Nafarroako Zirkuitutik abiatu eta Bilbora joko dute txirrindulariek, eta, ostiralean, Biltotik Los Machucosera. Ondoren etorriko dira Kantabriako eta Asturiasko mendi etapa ikusgarriak.