Udako torneoak: bina txapel lortu dituzte Zabaletak eta Martijak eta bat Ezkurdiak

Guaixe 2019ko ira. 5a, 15:05
Martija eta Altuna, Zarauzko Torneoa irabazterakoan.

Zabaletak Sanferminetako Torneoa eta Elgoibarkoa irabazi ditu, Martijak Labastidakoa eta Zarauzkoa eta Ezkurdiak Sanferminetakoa. Zabaleta San Antolinetan ari da, eta irailaren 15ean hasiko den Logroñoko San Mateotan aritzea espero dute pilotari sakandarrek

San Juan, San Pedrotan eta Sanferminetan hasi ziren udako pilota torneoak, eta ordutik frontoitik frontoira mugitzen nahikoa lan izan dute gure pilotariek. Egunotan jokatzen ari den Lekeitioko San Antolinetan Zabaleta da gure ordezkari bakarra, eta irailaren 15ean hasiko den Logroñoko San Mateo ferian dute burua pilotariek, 

Zabaleta, Iruñeko eta Elgoibarko txapelduna
Ongi hasi zen uda Jose Javier Zabaletarendako. Joseba Ezkurdiarekin batera, Sanferminetako Torneoa irabazi zuen sekulako maila eman eta torneoko pilotari onenaren saria jaso eta gero. Sasoi betean, gorenean zegoen Etxarrengoa, baina Bizkaiko Torneoko finalerdian lesionatu egin zen Zabaleta. Ustez osatuta, Bilboko Aste Nagusian Bizkaiko Torneoko finala jokatu zuen Zabaletak bere taldearekin, Oiz taldearekin, (Elordi buruz buru, Elezkano eta Zabaleta binaka eta Jaka lau t’erdian), Anboto taldearen kontra (Arteaga II.a buruz buru, Olaizola II.a eta Aretxabaleta binaka eta Laso lau t’erdian). Bizkaiko Torneoko txapela Anbotok lortu zuen, hiru partidetatik bi irabazi eta gero. Tartean, Olaizola II.ak eta Aretxabaletak 22 eta 21 irabazi zieten Elezkanori eta Zabaletari, eta Zabaletak atzera ere mina hartu zuen besoan. 

Hala ere, Elgoibarko Torneorako osatzea lortu zuen Jose Javierrek eta abuztuaren 25ean Elgoibarko Torneoko trofeoa lortu zuen, Artolarekin batera Irribarriari eta Imazi 2 eta 22 irabazi eta gero. Zabaletak goitik behera hartu zuen mendean Imaz. 

Gasteizko trofeoa ez, baina Labastidakoa eta Zarauzkoa lortu zituen Martijak
Joseba Ezkurdiak Martijarekin osatu zuen bikoa Andra Mari Zuriaren Torneoan. Finalerako sailkatu ziren, baina ezin izan zuten Gasteizko sari preziatua ekarri, Bengoetxea VI.ak eta Imazek 22 eta 13 irabazi zietelako. Beraz, biko sakandarra esku hutsik itzuli zen. 

Nolanahi ere, handik gutxira arantza ateratzeko aukera izan zuen Julen Martijak. Labastidako Hiribilduko Torneoko finala jokatu zuen Etxeberriko atzelariak Jokin Altunarekin bikotea osatuta, eta Bengoetxea VI.a eta Albisu izan zituzten arerio. Finala gogorra izan zen, opari gutxikoa. Baikokoak 14 eta 18 aurreratun ziren, baina Altunak eta Martijak buelta eman zioten markagailuari eta 22 eta 20 irabazi eta Arabako Errioxako saria lortu zuten. 

Handik egun gutxira, Zarauzko Hibirilduko Torneoko finala jokatu zuten Jokin Altunak eta Julen Martijak Irribarriaren eta Rezustaren kontra. Bikoak primeran elkar ulertzen dela erakutsi zuen beste behin, Altunak eta Martijak 14 tantoko partziala egin baitzuten. Torneoa bere alde jarri zuten hasieratik eta 11 eta 22 irabazita lortu zuten trofeoa. 

Ezkurdia, Sanferminetako trofeoarekin
Joseba Ezkurdiak, momentuz, Sanferminetako Torneoan Jose Javier Zabaletarekin batera lortutako trofeoarekin konformatu beharko du. Andra Mari Zuriaren Torneoko finalean Martijarekin batera erori zen, eta ordutik ez du finalik jokatu. Igandean Errioxako Beloradoko jaialdian aritu zen arbizuarra Untoriarekin batera, eta Zabala eta Martijari 22 eta 14 irabazi zieten, partida bikainean. 

Zabaleta San Antolinetako finaletik kanpo Lekeition
Bestalde, astelehenean hasi zen Lekeitioko San Antolin Torneoa. Iaz torneoko garaile izan zen Joseba Ezkurdia, baina aurten ez da Lekeition ariko. Artola-Imaz, Olaizola II.a-Albisu, Elezkano II.a-Zabaleta eta Altuna III.a-Rezusta izan dira egunotan Lekeition aritu diren bikoak. Astelehenean Elezkano II.ak eta Zabaletak Altuna III.a-Rezusta izan zituzten aurkari. Elezkano eta Zabaleta ez ziren ongi hasi, eta ia konturatu gabe, 1 eta 11 aurreratu zitzaizkien Altuna eta Rezusta. Gutxika partidari buelta ematen hasi ziren bizkaitarra eta etxarrendarra, eta 17 eta 21 gerturatu ziren, baina, azkenean, Altuna III.ak eta Rezustak lortu zuten gailentzea, 17 eta 22. Horrela, ostegunean jokatuko den finalerako sailkatu ziren Altuna eta Rezusta, eta atzo, asteazkenean, Olaizola II.a-Albisuk eta Artola-Imazek jokatu zuten finalerdiko irabazleen kontra jokatuko dute gaurko final handia. 

Logroñoren zain
Sanferminetako Torneoa eta irailaren 15etik 22ra jokatuko den Logroñoko San Mateo Torneoa dira udako torneorik garrantzitsuenak. Horrela, Logroñora begira daude gure pilotariak. Oraindik ez dute torneoko aurkezpenik egin, eta, hortaz, ezin dugu aurreratu nor ariko den. Iaz Joseba Ezkurdiak eta Imazek irabazi zuten torneoa eta, jakina, bertan egon eta atzera ere trofeoa altxatzea nahiko luke arbizuarrak. Baita Zabaletak, Martijak eta Bakaikoak ere.