Roglicek etapa eta lidergoa lortu zituen Vueltako atzoko erlojupekoan

Guaixe 2019ko ira. 4a, 10:58
Gorka Izagirre, atzoko erlojupekoan.

Aurkariak txikitu zituen eta alde handia atera du datozen etapa menditsuetarako. Vuelta Nafarroan sartuko da gaur, etapa Urdax-Dantxarinean despedituko baita

Atzoko Vueltako 36 kilometroko erlojupekoak zeresana emango zuela aurreikusten zen eta hala izan zen. Jumbo taldeko Primoz Roglick gailendu zen, nagusitasun osoz (47:05). Hegan egin zuen Roglickek, sekulako erakustaldia eman zuen, eta Vueltako faboritoei alde izugarria atera zien. Esaterako, Quintanak 3:06 minutu galdu zituen, Valverdek 1:38 eta Migel Angel Lopezek 2:00. Horrela, Roglickek etapa eta lidergoa lortu zituen eta astebururako etapa menditsuetarako errenta potoloa lortu zuen. Gure txirrindulariei dagokienez, Imanol Erbiti (Movistar Team) 58.a sailkatu zen, 4:45era, eta Gorka Izagirre (Astana) 148.a, 7:42ra. 

Sailkapen nagusian Primoz Roglic lider sendoa dugu (36:05:29). 1:52ra Alejandro Valverde (Movistar Team) du eta 2:11ra Miguel Angel Lopez (Astana). Gorka Izagirre 85.a da, 1:16:39ra eta Imanol Erbiti 91.a, 1:20:55era. 

Urdax-Dantxarinean despedituko da gaurko etapa
Eta panorama horrekin iritsiko da Vuelta gaur, asteazkenean, Euskal Herrira. Hain zuzen ere gaurko etapa Saint Palaisen hasi eta Urdax-Dantxarinean despedituko da, 180 kilometroko etapa nahasian. Bihar, ostegunean, Nafarroako Zirkuitutik abiatu eta Bilbora joko dute txirrindulariek, eta, ostiralean, Biltotik Los Machucosera. Ondoren etorriko dira Kantabriako eta Asturiasko mendi etapa ikusgarriak.