Iturria txapelduna Urdazubin

Guaixe 2019ko ira. 5a, 09:14

Espainiako Vuelta Euskal Herrian dago. Atzo Donapaleu eta Urdazubi arteko lasterketa Euskadi Muriaseko Mikel Iturriak irabazi zuen, hunkituta. Gaur Nafarroako Zirkuituan hasiko da etapa eta Bilbon despedituko da

Espainiako Vueltak Euskal Herriko paraje zoragarrietako irudiak eskaini zituen atzo. Euren ohorezko aurreskua eta gero, tropela Donapaleutik atera zen, Urdazubi Dantxarineara heltzeko. Etapa oso gorabeheratsua primeran irakurtzen jakin zuen Euskadi Murias taldeko Mikel Iturriak eta bere palmares profesionala estreinatu zuen, helmugara bakar-bakarrik helduta. ʺEtxetik gertu irabaztea egi bihurtutako ametsa da” zioen urnietarrak, hunkituta. Sailkapenean ez zen aldaketarik egon eta Primoz Roglic da liderra (Jumbo), Alejandro Valverderi (Movistar Team) 1:52 eta Miguel Angel Lopezi (Astana) 2:11 ateratzen. Eta euren liderrak laguntzen primerako lana egiten ari dira Gorka Izagirre eta Imanol Erbiti. 

Gaur Nafarroako Zirkuituan hasiko da Vueltako 12. etapa, eta Bilbon despedituko da. Ihesaldietarako aproposa den etapa da. Bihar Bilbon hasi eta Kantabrian, Los Machucos gainean despedituko da, eta etapa menditsua izanen da. Izan ere, bihartik aurrera etapa menditsu gogorrak dituzte aurretik txirrindulariek Kantabrian eta Asturiasen.