Juniorrak: Arrieta bigarrena Espainiako Txapelketan

Guaixe 2019ko ira. 5a, 16:23

Nafarroako selekzioan Igor Arrieta, Iker Mintegi, Unai Aznar, Jon Gil, Aitor Alberdi eta Maria Beraza sakandarrak aritu ziren, ikusgarri

Abuztuaren 17an eta 18an Junior Mailako Espainiako Txirrindularitza Txapelketak jokatu ziren Asturiasen. Nafarroako selekzioak prestatutako taldean Igor Arrieta (Sakana Group-Aralar), Iker Mintegi (Quesos Albeniz-Burunda), Unai Aznar (Quesos Albeniz-Burunda), Jon Gil (Lizarte Ermitagaña), Aitor Alberdi (Sakana Group-Aralar) eta Maria Beraza (Ermitagaña-Nafarroa) sakandarrak aritu ziren, eta haiekin batera Idoia Erasok, Irati Puigdefabregasek, Mikel Retegik, Diego Uriartek eta David Lozanok osatu zuten selekzio gorria. Aipatzekoa da maila bikaina eman zutela. 

Lehenik eta behin erlojupekoa jokatu zen. Bertan oso ongi ibili zen Igor Arrieta uhartearra: bigarrena izan zen, Carlos Rodriguez andaluziarraren atzetik. Unai Aznar 23.a eta Iker Mintegi 24.a sailkatu ziren. Emakumezkoetan Irati Puigdefabregas nafarra gailendu zen, bere taldekide Idoia Erasoren aurretik. 

Hurrengo egunean lineako proba jokatu zen. Nafarroako selekzioko kideek lan itzela egin zuten eta lan borobil horri esker Igor Arrieta bigarrena iritsi zen helmugara. Emakumezkoetan Irati Puigdefabregas bosgarrena sailkatu zen. 

Espainiako Txapelketaz gain, makina bat lasterketa egon dira udan eta gure txirrindulariak aurrean izan dira. Esaterako, abuztuaren 16an Villatuertan jokatutako lasterketan Iker Mintegi hirugarrena sailkatu zen eta abuztuaren 18ko Dicastilloko lasterketan Aitor Alberdi bigarrena izan zen. Eta abuztuaren 29an Villa de Obanosko trofeoan Unai Aznar bigarrena izan zen eta Iker Mintegi hirugarrena.