Arregi Marinen eskulturako plaka berriro jarri dute

Guaixe 2019ko ira. 5a, 19:49
Andaren eskultura atzean eta plaka zegoen tokia hutsik aurrean.

Pasa den astean kendu zuten eta gaur jarri dute. Lakuntzarra guardia civil baten tiroz hil zela gogorarazten du .

Etxarri Aranazko Mikel Arregi Marinen omenezko eskulturaren ondoan dagoen plaka kendu zuten agorrileko azken astean, bere sorterrian, Lakuntzan, festetan zeudela. Plakan Arregiren argazkia, haritz baten hostoa eta testu bat zegoen: egiaren bidean, askatasuna amets; Mikel gogoan. Familiak salatu zuen plakaren desagertzea. Hirugarren aldia da Jose Ramon Andaren eskulturaren ondoko plaka kendu dutena, aurretik 2014ko azaroan eta 2009ko azaroan izan zen. Oroigarria 1980an jarri zutenetik bestelako erasoak ere jasan ditu: behin baino gehiagotan erroetatik atera dute eta bitan lehergailuak (trilita eta Goma 2) jarri dizkiote, haietako bat 1981eko otsailaren 10ean izan zen. Eskultura zaharberritu ondoren, 2004tik Arregiri eskainitako plazan dago.
 
Udal adierazpena 
Etxarri Aranazko Udalak ohar bidez adierazi du plakaren desagerraraztea “bere senide, lagun eta oro har Etxarri Aranazko herriari eraso larria” dela. Horregatik, Etxarri Aranazko Udalak Mikel Arregi Marinen familiari “bere elkartasun osoa” adierazi dio. Udalak gaztigatu du “ekinbide politikoak eta juridikoak abian jarriko” dituela “gertatutakoa argitu; dagokionari erantzukizunak exijitu eta desagertu den plaka bere tokian erreparatzeko”. Azkenik, Etxarri Aranazko Udalak herritar guztiei dei egin die “bakea, demokrazia eta elkarbizitzaren aldeko lanean engaiatzera; sufrimendua areagotu besterik egiten ez duten eraso horiek arbuiatuz”.

Jasotakoa 
Etxarri Aranazko Udalaren Sufrimenduaren Mapan jasoa dago Arregiren kasua. “Herri Batasunako zinegotzia zen Lakuntzan. 1979ko azaroaren 12an, Mikel Seat 127 ibilgailuan zihoan zenbait lagunekin, Guardia Zibileko kideek Etxarri Aranaztik hurbil eginiko kontrol batean tirokatu zutenean. Jaurtigailua birikara iritsi zitzaion eta Iruñeko ospitalera eraman arren, medikuek hil zela ziurtatu besterik ezin izan zuten egin. Bertsio ofizialaren arabera, ibilgailuak polizia kontrol bat saltatu zuen, inor jabetu ez bazen ere kontrola zegoenik. Guardia zibil bati bi hilabetetako espetxe zigorra jarri zitzaion, zinegotziaren heriotzaren egile gisa”.