Kadeteak: Quesos Albenizen nagusitasuna

Guaixe 2019ko ira. 5a, 16:37

Burunda txirrindularitza klubeko Quesos Albeniz taldea nagusi izan da abuztuan jokatutako lasterketetan. Hugo Aznarrek hiru lasterketa irabazi zituen, Lakuntzakoa tartean, eta Sergio Lopez Los Arcosen gailendu zen

Kadeteen mailan Burunda Txirrindularitza Taldeko Quesos Albeniz taldeko kolore gorria gailendu da azken hilabetean jokatutako lasterketetan. Gorriek hartu dute agintea Nafarroan jokatutako lasterketetan, eta aipatu beharra dago Quesos Albeniz taldeko Hugo Aznar izan dela izar dirdiratsuena. Talde sakandarrean dabilen Kortesko txirrindulariak abuztuaren 10ean Legariako lasterketa irabazi zuen, abuztuaren 24an Murietakoa eta abuztuaren 27an Lakuntzako XXIX. Sakana Fundizioa Sari Nagusia. Horretaz gain, abuztuaren 31n jubenilek eta kadeteek jokatutako Lukin Sarian bigarrena izan zen. Ikusgarria. Aipatzekoa da ere bere taldekide Sergio Lopezek abuztuaren 20an Los Arcosen jokatutako lasterketa irabazi zuela. 

Lakuntzan Quesos Albeniz onena
Lakuntzako festetan jokatutako lasterketa Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria zen azken proba zen. Beroa zen nagusi, baina lasterketa erdian ekaitza eta euria iritsi ziren. Quesos Albenizek ongi irakurri zuen proba eta taldeak egindako lan bikainari esker, Hugo Aznarrek irabazi zuen lasterketa eta mendiko sailkapena, eta, bide batez, Nafarroako Kirol Jolasetako txapelduna izan zen Korteskoa. Jon Chamorro bere taldekide urdiaindarrak Lakuntzako tartekako helmugen proba irabazi zuen eta baita ere Nafar Kirol Jolasetako tartekako helmugen saria. Lakuntzan, Quesos Albeniz izan zen probako talderik onena eta Nafar Kirol Jolasetan bigarrena sailkatu zen. 

Larunbatean eskolako lasterketa Ziordian
Kategoria txikiko txirrindulariak larunbatean Ziordian bilduko dira, 16:30etik aurrera ginkana probak eta lasterketak izango baitituzte jokoan, Burunda Txirrindularitza Taldeak antolatuta.