Neurologia-desgaitasuna dutenen bizi-kalitatea eta arreta hobetzeko lankidetza

Angel Gardachal eta Francisco Fernandez.

Adacenek, Nafarroako garuneko lesioaren elkartea, eta Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoa kudeatzen duen Felipe Lezea fundazioak elkarlana sendotzeko akordioa sinatu dute.

Bai Adacenek bai Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoak gaitz neurologikoak dituzten pertsonekin lan egiten dute osasun eta gizarte arloan. Biek ere antzeko metodoak erabiltzen dituzte gaitz neurologikoen errehabilitazio eta kroniko faseetan. Bien ikuspegia desgaitasuna duen pertsonan eta bere familian zentratuta dago, osasuna, gizarte-inklusioa eta bizi-kalitatea hobetzea sustatuz.  

Bi erakundeak aurretik elkarlanean aritzen ziren, baina agorrilaren 28an sinatutako akordioari esker, alde batetik, pertsonei eta euren familiei arretan mesede egiteko ideiak eta esperientziak trukatuko dituzte. Horretarako, terapiak, metodologiak eta praktika onak partekatuko dituzte. Teknologiaren erabilerari eta etengabeko hobekuntzari bultzada emanen diote. Bestetik, elkarrekin ariko dira profesionalen prestakuntzan, kudeaketa sistemen garapenean eta zerbitzuak berritzeko proiektuen diseinuan. Hitzarmena Adacengo kudeatzaile Francisco Fernandez Nistalek eta klinikako kudeatzaile Angel M. Gardachal Ausejok sinatu zuten. 

Adierazpenak 
Fernandezek azaldu zuenez, “hitzarmen honek ahalbidetuko digu zahartzeari eta dependentziari arreta eskaintzeko ereduak sortzea, teknologia barne hartzen duena”. Programa eta zerbitzu jasangarriak diseinatzeko asmoa aurreratu zuen. Aldi berean, Fernandezek Adacenen eta klinikaren laguntza eskaini zien erakunde publiko eta pribatuei, “elkarrekin neurologia-desgaitasuna duten pertsonendako arreta-ibilbide integratuak lortzeko”. 

Gardachalek, bestalde, nabarmendu zuen akordioak “pertsonek eta haien familiek dituzten beharrak asetzeko lanean segitzen lagunduko digu”. Gaineratu zuenez, “elkarrekin autonomia eta bizi-kalitate  hobeagoaren alde lan eginen dugu, desgaitasuna duten pertsonek askatasunez haien erabakiak har ditzaten, baita errehabilitazio eta arreta eredu berriak garatzeko. Horien barruan sartuko ditugu ariketa fisikoa, ezagumen-estimulazioa eta teknologien erabilera, arreta-baliabide gisa farmako-errezetaren osagarri izanen direnak”. 

Adacenez 
Kalte zerebrala zuten pertsonen arretarako baliabiderik ez zegoela ikusita familia talde batek sortu zuen Nafarroako garuneko lesioaren elkartea 1994an. Irabazi asmorik gabeko elkartea da eta bere helburua kolektiboak dituen arazoez eta premiez gizartea eta erakundeak informatzea eta sentsibilizatzea da. Mila bazkide inguru ditu elkarteak, 332 kaltetu eta 61 profesional daude plantillan. 40 plaza dituen eguneko zentroa eta 9 plazako erresidentzia ditu, biak ere Nafarroako Gobernuarekin kontzertatuta.