Otsaportillon 1936ko errepresioa ez ahazteko

Guaixe 2019ko ira. 6a, 10:47

Dantzariak aurreskua dantzatzen. Argazkiak: Nerea Mazkiaran Zelaia.

Sakanako Udalak antolatutako ekitaldian hainbat sakandar elkartu ziren

Otsaportilloko lezetik 11 pertsonen gorpuzkiak atera zituzten Aranzadi zientzia elkarteko kideek 2016an eta 2017an (zazpi identifikatu zituzten). 1936ko estatu kolpearen ondorengo errepresioan eraildakoen arrastoak ziren. Baina Sakanan izan ziren gehiago. Horregatik, udal guztiek elkarrekin irailaren 1ero Urbasan egiten den oroimen ekitaldia elkarrekin antolatzea erabaki zuten 2016an, “Otsaportillo Sakanan sinbolo bat delako, basakeria faxistaren sinboloa. Otsaportillok Sakanako hainbat tokietako min guztia ordezkatzen du”. 

Aurten Olatzagutiaren eta Ziordiaren txanda izan zen. Hain zuzen, lezetik ateratako Meliton Agirre eta Migel Bergara olaztiarrak ziren eta Domingo eta Francisco San Roman anaiak ziordiarrak. “Horregatik, gure herriak beti egongo dira toki honi lotuta”. Urbasako ekitaldian gogoan izan zuten Mikel Arregi Marinen Etxarri Aranazko eskulturatik kendutako plaka, eta gogorarazi zuten Otsaportilloko lezeak eta eskulturak ere hainbatean erasoak pairatu dituela. Horregatik, Burundako bi herrietako ordezkariek nabarmendu zutenez, “gure lana faxismoa gelditzea da eta, bide horretan, 1936an gertatutakoa gogoratzea garrantzitsua da, pertsona horien mina erreparatzeko eta berriro ere gertatu ez dadin”.

Otsaportilloko ekitaldia senideak, Etxarri Aranazko Udalaren laguntzarekin, hasi ziren antolatzen  1980an, “historia-memoria kontzeptua bera apenas inork ez zuenean ezagutzen”, igandean azaldu zutenez. “80. hamarkadan hona ekitaldia egitera igotzen ziren horiek historia-memoriaren aitzindariak izan ziren, eta orain eskualde guztiko jendarteari dagokigu lekuko hori egunero-egunero ongi hartzea. Izan zirenengatik eta izango direnengatik”.

DNA 
Josemi Gaston Nafarroako Memoriaren Institutuko burua Otsaportillon izan zen igandean. Gaston 1936ko errepresioaren biktimen senideei zuzendu zien mezua: DNA laginak eman ditzatela. Horrek gorpuzkinen identifikazioan laguntzen baitu. Nafarroan 91 gorpuzki atera dituzte lurpetik eta soilik 24 identifikatu dira. Otsaportillon aipatutako lauez aparte beste hiru identifikatu zituzten: Francisco San Roman urdindarra eta Victor Urkijo eta Jose Ubeda altsasuarrak; baina beste lau falta dira. Bestetik, eraildakoak egon daitezkeen hobien berri dutenei Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jartzeko eskatu zien.