Agorrila akaberan hasi dira palak lurra mugitzen Etxarren parean. 115.000 metro karratuko industrialdea egiteko lehen lanak dira horiek. Makinak Ekairako bidetik sartu dira lanera, uzta eta agotza jaso ondoren. Espazio horretatik 50.000 edo 60.000 m2 Harivenasa SL enpresarendako izanen dira. Nafarroako Gobernuak 3.500 metro karratuko pabiloi bat eraikiko du, gerora alokatu eginen duena. Zati bat eraiki gabe utziko dute eta gainontzekoa industrialderako sarbideak izanen dira.
Harivenasa elikadura sektoreko enpresa da. Egun Noainen du lantegia eta bertan oloa eta beste zereal batzuk gizakien kontsumorako eraldatzen ditu. Hango ekoizpena pitteka Etxarrenera lekuz aldatuko du, eta bertan jarraituko du zerealen malutak eta ezohiko irinak ekoiztuz (artatxikia, kinoa eta artobeltza). 24 milioi euroko inbertsioa eta zuzeneko 100 lanpostuetara iristea aurreikusi du enpresak, egun dituen 50ak bikoiztuz, sortu ditzakeen zeharkako lanpostuekin batera. Harivenasa SL Nafarroako Rural Kutxaren Harivenasa 2000 taldeko enpresa da. Nafarroako Gobernuak foru intereseko inbertsio izendatu zuen Harivenasa SLk Arakilen eginen duena.
Nafarroako Gobernuak Udalez Gaindiko Planaren bidez Urritzola, Etxarren eta Ekai arteko espazioa aukera eremua, industrialdea, izendatu zuen. Nasuvinsa enpresa publikoak lurren jabe den Arcelor Mittal enpresari eremuaren zati bat erosi dio, 170.000 metro karratu.