Urbasa gainean dago Santa Marina ermita, Bakaikurena eta Iturmendirena da. Juan Jose Urrestarazu da Bakaikuko ermitaua eta Juan Mari Lanz Lopez de Goikoetxea da Iturmendikoa. Biek dute, urtero txandakatuz, ermita garbi eta txukun mantentzeko ardura. Lanzek azaldu digunez, “neguan, hezetasunarekin, ermitako barruko paretetako harri artean dagoen morteroa erori egiten da. Harri tarteak garbitu eta hezetasunaren kontrako zementu berezi batekin hartu nahi dugu”. Horretarako probak egiten aritu dira.
Lanzek azaldu digunez, egiteko handiena harri arteko morteroa pikatzea izanen da. “Toki batzuetan ongi helduta dago, baina besteetan erori egiten da”. Hura despedituta, harriak zementuz hartuko lituzkete. Ermitauek, ahal dela, lana aurten egin nahi lukete, iraileko larunbatetan lan eginez. “Bestela hurrengo urtean segitu beharko genuke”. Horregatik, bakaikuarrak eta iturmendiarrak ermita konpontzeko lanetan parte hartzera gonbidatu dituzte. Haien erreminta eraman arren, mailua eta zizela eramatea eskatu diete. “Lana larunbatetan eginen dugu, 08:00etatik 14:00etara”. Interesa dutenek haiekin harremanetan jarri behar dute, larunbateko joan-etorriak antolatzeko.
Lanak egiteko materialak Santa Marinako elizkizunetan jasotako diruarekin pagatuko dira. Lanzek jakinarazi zigunez, hala egin zuten 2010ean, ermitako teilatua konpondu zutenean.
Santa Marinako ermita parean.
Ermitaz
Oin lauki-luzea du eta bost atal ditu, horren lekuko kanpoko kontra-hormak. Harlanduzko horma erregularrak ditu eta bi leiho bertikaletatik sartzen da argia, ateak, berriz, arku beheratua du. Bi isuriko teilatua du. Erretaulak koloma salomonikoak eta hiruki formako frontoia du. Santa Marinaren irudia barrokoa da, XVII. mendearen lehen erdialdekoa.
1595eko agiri batean ageri denez, Santa Marina ermita Burundako herriren artean eraiki zuten (20 herri ziren Erdi Aroan). Herriak desagertu ahala Bakaiku, Iturmendi eta Urdiainen jabetza izatera pasako zen, baina 1854tik aurreneko bi herriena da, antza urdiaindarrek zaharberritze batean parte hartu ez zutelako. Ermitari ondoren aldaketa asko egin zizkioten, bereziki XVIII. Karlistadetan ermita gotorlekua izan zen eta suntsituta gelditu zen. 1891n berreraiki zuen.
Santa Marina ermita bi borden artean kokatuta dago. Azken bi horietan lau espazio daude, Bakaikurena, Iturmendirena, udalarena eta mendian dagoen azienda sartzeko zabalik dagoena.
J. X. De Uriz y Lasaga apezpikuak bakaikuarrak, iturmendiarrak eta urdiaindarrak gaztigatu zituen 1816. urtean. Antza, Trinitate ospakizunaren bezperan, arratsaldez, “gaizki ulertutako deboziogatik” ermitara igotzen ziren eta ermitan “batzuetan estatu guztietako pertsona ugarik pasatzen dute gaua, bi sexuen nahasketarekin, halakorik ezin da onartu… Hori edo horren moduko abusuak jarraituz gero ermita eraistea aginduko dugu, Jainkoaren eta Eliza Sainduaren zerbitzurako izan dadin eraistea”.