Ibai Gonzalez: "Kontxako Bandera lortu: zergatik ez?"

Maider Betelu Ganboa 2019ko ira. 6a, 11:13

Igandean Kontxako Bandera nork altxatuko duen da kirolzaleen jakinminetako bat. Hondarribik 5 segundo ateratzen dizkio Oriori eta 9 segundo Santurtziri. Nork lortuko du bandera? Orioko San Nikolas trainerako arrano horien artean sakandar bat dago, Ibai Gonzalez. Nola iritsi da barnealdeko Urritzolako gazte bat itsasaldeko trainera ezagunenera? 

Ez da ohikoa, arraro samarra baizik. Sakanan kirolari asko daude, horren eremu txikia izateko puntako kirolari asko. Guaixeko kirolen atalari begiratu bat besterik ematea nahikoa da horretaz jabetzeko. Eta horien artean Ibai Gonzalez arraunlari arakildarra dago. Ez duzu gaizki irakurri, ez: arraunlaria, sekulako denboraldia egiten ari den Orio talde ezaguneko arraunlaria. Kontxako bandera jokoan duten honetan berarekin bildu gara “Aupa Orio” bandera horia zintzilik duen Urritzolako bere etxean. 

ZEROTIK HASI
Urritzolako bat arraunlaria izatea arraro, baina elitezko arraunlaria izatea are bitxiago. Nola hasi zinen arraunean? 
Gogoratzen dut festa egun bat zela, telebistan estropada ematen ari zirela eta kuriositatea piztu zitzaidala. Donostian ikasten nuen, eta egun Arbizun bizi den nire Andoaingo lehengusu bati galdetu nion arraunean probatzeko zer egin behar nuen, bera Hernaniko talde batean aritu zelako, eta esan zidan San Pedron bi trainera atera behar zituztela, bat elitekoa eta bestea ikastekoa, B mailakoa. Horrela hasi nintzen, San Pedroko formazioko traineruan. 

Zerotik hasiko zinen...
Oso jende gutxi ezagutzen dut ni bezala, arraunean edo kirolean berandu hasi zirenak. Izan ere, 21 urterekin hasi nintzen San Pedroko B traineruan arraunean murgiltzen. Azaroan hasten da denboraldiko prestaketa, eta uda horretarako, B mailan lehiatzen hasi nintzen. Egia esan, oso urte polita egin genuen. Eta uste dut horrek arraunaren gosea piztu zidala eta horregatik jarraitu nuen kirol honetan. 

Zer dohain behar dira arraunlari izateko? 
Kirol guztietan bezala, dohain batzuk egon daitezke beharrezkoak direnak eta akaso diferentzia markatu ahal dutenak, baina uste dut ia dena ikasi daitekeela.Prestakuntzaren aldetik, azaroan lanean hasten garenean, astean lauzpabost egunetan entrenatzen dugu. Neguan, igandetan entrenatzen dugu traineruan. Gainontzeko egunetan, bereziki fondoa lantzen dugu. Orion, esaterako, korrika asko egin dugu, izugarri. Eta gero ergometroa, muskuluak lantzeko gimnasioa… Asteburutan arraunketaren arlo teknikoa lantzen dugu, entrenatzaileak lortu nahi dituen arraunkadak. Entrenatzaile batetik bestera asko aldatzen da arraunkera mota. Paladak ezerdinak dira ibaian edo itsasoan, korronteak badaude hala ez, olatuak txikiak edo handiak badira … Eta gero, denboraldi betean, zazpi egunetatik sei entrenatzen dugu, gehiena traineruan. 

Guztiak sinkronizatuta aritzen zarete arraunean. Nola lortzen da hori?
Ariketen bidez lantzen den alderdia da, sinkronizazioa lortzeko. Entrenatzaile eta patroiak dioena jarraitzen dugu. Ariketak egiten dira esku batekin, bestearekin, bi eskuekin, motzago, luzeago, bakarrik besoekin... azkenik traineru guztia arraunkera horretan elkartzeko. 

B mailatik maila nagusira igo zinen, San Pedroko Libia lehen traineruarekin Eusko Label Ligan aritzera. Saltoa nabaritzen da?
Bai. Konpetizio aldetik ikusten da beste gauza bat dela. Eremu berdinean jokatzen da lasterketa, baina asko aldatzen da estropada B mailan edo A mailan. Salto handia da. 

Talde morean ibilitako urte horiek nola gogoratzen dituzu?
San Pedroko oroitzapen oso onak dauzkat. Hor hasi nintzen, eta askotan esan izan dut, besoak zabalik hartu nindutela. Familia hartan hasieratik beste bat izan nintzen. 

ARRANOA
Aurten Oriora egin duzu salto. Nola sortu zen aukera?
Iaz San Pedrorekin denboraldia bukatu genuenean, Portugaleteko azkeneko estropada eta gero, hurrengo goizean deia jaso nuen eta esan zidan Jon Salsamendi zela eta nirekin hitz egin nahi zuela. Orioko entrenatzaileak ni deitu izana sorpresaz hartu nuen. Holako talde batek niri deitzea...

Orio klub handia da. Euren web gunean dioten bezala, 228 domina, 761 garaipen eta 645 bandera pilatzen dituzte. Eta egun Orio San Pedrotik koska batzuk gora dago...
Bai. Lehenengo elkarrizketan esan nion Salsamendiri kirol honetan hasi nintzenean eta garatzeko aukera neukala ikusi nuenean, noraino iristeko gai nintzen ikusi nahi nuela, ea noraino iristeko kapaza naizen. Horrek motibatzen nau. 

Eta Salsamendik zure hitz horiek gogoz hartu zituen eta arraunlari horia edo arranoa izatea proposatu zizun...
(Kar, kar…) San Pedron ez zuten gaizki hartu, halako talde batek halako aukera ematea aprobetxatzeko modukoa zela ulertu zuten. Oriora iritsi nintzenean harritu ninduen herriak nola bizi zuen arrauna eta taldea. San Pedron ere bizi zuten, baina Orion ia erlijioa da. Txokea izan zen niretzat. Ligako lehen estropada irabazi genuenean, Bilbon, eta bigarrena ere, Zierbenan, igande horretan harrera egin ziguten. Halako jendetza ikustean ezin nuen sinistu. 

Ze harreman duzu Orioko Jon Salsamendi entrenatzailearekin eta Gorka Aranbarri patroiarekin?
Ona, talde estua gara. Arraunean, ezin daiteke kirol honetaz bizi, zaletasun hutsa da; jendeak bere lana du, neguan entrenatzea gogorra da... eta ia konturatu gabe taldea egiten duzu. Sakrifizio handia egiteko kirola denez, harremana naturalki sortzen da.  
Ikasketak, lana eta arrauna uztartzea gogorra izaten da, eta aisialdirako denbora gutxi uzten dizu. Udako festak faltan botatzen dira, eta neguan ere zaindu beharra dugu ere. Aurten ez ditut Sakanako festak ezta zapatu ere egin, baina beno... itzuliko dira. 

Zuen taldean beterano handiak eta gazteak zaudete. Ongi uztartzen dira euren esperientzia eta hasiberrien gogoak
Bai, adin desberdintasuna handia da, eta politak eta interesgarriak dira bizitzaren inguruan dauden ikuspegi ezberdinak. Zure ikuspegia zabaltzeko aberasgarriak dira. Jumelaje horretan bakoitzak bere tokia du. 

Zein estropada gustatu zaizu gehien orain arte? 
Kontxako Bandera eta Eusko Label liga denboraldia bukatu eta gero ez dakit iritziz aldatuko dudan, baina orain arte gehien gustatu zaidana lehena izan zen, Bilbon irabazi genuena. Bertan parte hartu nuen. Eusko Label Ligako 12 estropada jokatu ditut aurten, oker ez banago. Asko, taldearekin aurten debutatzeko. Ni traineru barruan egonda, parte hartzen, 5 bandera irabazi ditugu eta Gipuzkoako bandera kontuan izanda, 6. Ezin da gehiago eskatu. 

KONTXAKO BANDERA
Sekulako denboraldia daramazue. Eusko Label ligan lider zarete (195 puntu), Hondarribiren (180 puntu) eta Santurtziren (179  puntu) aurretik. Bi estropada geratzen zaizkizue, liga ia eskura, eta hiru talde horiek ere Kontxako banderan aurrean zaudete. 
Sarritan Eusko Ligak eta Kontxak ez dute zerikusirik, baina aurten bai. Hondarribik irabazi zuen aurreko igandean Kontxako lehen estropada, Oriori 5 segundo eta Santurtziri 9 aterata.

Kontxako lehendabiziko esperientzia izan da zuretzat?
Ez, aurretik San Pedrorekin Kontxako bi sailkapen egin nituen. Oriorekin osteguneko klasifikatorioan aritu nintzen, baina igandean, lehen estropadan, ez nintzen aritu. 

Kontxako estropadak badu zerbait berezia, ezta?
Niretzat Kontxak badu zerbait desberdina. Igarri egiten da. Ostegunean kaira gerturatzerakoan horrenbeste jende zegoen... xarma berezia du. 

Estropadan sekulako eragina izaten du sailkapen jardunaldiak. Zuek lehendabiziko txandan atera zineten eta Santurtzirekin lehia bizia izan zenuten, polemika tarteko, gehiegi hurbildu omen baitziren....  
Nire taldeak jokatutako estropada hamarrekoa izan zela iruditzen zait, oso ona. Gero etxean bideoak ikusi nituen aitarekin, eta berretsi nuen estropada bikaina izan zela. 

Santurtzirekin izandako ika-mikagatik denbora galdu zenutela uste duzu?
Tandatik tandara desberdintasunak egon ziren ala ez, Santurtzirekin borroka hori izateak gidoitik atera ote gintuen… ondorio horiek ateratzea zaila da. Urte osoan gure bertsiorik onena eman dugu eta ikusi da gure lana egiten dugun momentuan oso azkarrak garela.  

Hondarribiak Oriori ateratzen dizkion 5 segundoak tarte handia dira askorendako, baina Donostian edozer gerta daiteke…
Astelehenean amarekin Arbizun egon ginen eta galdetu zidaten ea 5 segundo asko diren ala ez Hondarribiari irabazteko. Uste dut Sakanan arraunarekiko afizioa pizten ari dela (kar, kar...). Zuk esan bezala, Kontxan gauza asko gerta daitezke. Olatu batek 6 segundoko tartea ateratzeko aukera eman dezake. Itsasoa nola dagoen ikusi beharko da. 

Duela bi urteko denborala tokatzen bada, 5 segundo berehala joan daitezke...
Halako egun batean 10 segundoko errenta hartzea oso erraza izan daiteke.

Noiz jakingo duzu igandean Kontxan ariko zaren ala ez?
Uste dut Jonek azken momentura arte ez duela ezer esango. Igandean emango dituzte zerrendak eta hor ikusiko da. Aritzea gustatuko litzaidake, jakina. 

Kuadrilakoak eta gertukoak joango dira?
Bai, eta bertan elkartuko gara. Oso festa egun polita da. 

ORIOKO EMAKUMEAK GORENEAN
Orioko emakumeek Kontxako lehen jardunaldia irabazi zuten. Bi banderak lortzeko aukera duzue, handia litzateke klubarendako!
Kontxako bi banderak Oriok lortzea kristorena izango litzateke baina ez hori bakarrik. Orioko emakumeen taldeak emakumeen liga irabazi du dagoeneko, eta gu gizonezkoena irabazteko aukera handiekin daude. Orioko emakumezkoen lehendabiziko liga da aurtengoa, eta gizonezkoek ere irabazten badugu gizonezkoen lehendabiziko liga ere litzateke. 

Klubean garrantzi berbera ematen zaie gizonezkoei eta emakumezkoei? Edo oraindik bidea dago egiteko?
Beti egon daiteke gehiago lortzeko aukera eta bide horretan jarraitu behar dugu, baina Orion garrantzi berbera ematen zaie emakumezkoen eta gizonezkoen traineruei. 

Hurrengo denboraldian arrano izaten jarraituko duzu?
Orion gustura nago eta beraiek nahi badute nik jarraituko dut. Hemen segitzeko prest nago, asko disfrutatzen dudalako. 

Arraunlari izango ez bazina zein kirol egingo zenuke?
Txikitan oso txarra nintzen pilotan eta ez dakit arantza hori atera ote dudan (kar, kar…). Uste dut Sakanaldeko ezaugarri hori ez zaidala geratu. 

Kostaldekoa zara jada.
Badirudi, baina Urritzolan oso ongi bizi izan naiz eta askotan etortzen naiz, ia astero. Hemen mendia dago bertan eta lasaitasuna nabaritzen da. 

Arraunean aritzea gomendatuko zenuke?
Bai. Hau ez da futbola bezala, beti zelai berberean entrenatzen ibili behar duzula. Itsasoa berbera da baina egunero ezberdina dago, eta nahiz eta arraunean beti antzeko ibili behar dugula iruditu, itsasoa dagoen erara moldatu beharra dago beti. Ezin da itsasoa dominatu eta itsasoarekin laguntasunean ibili behar dugu. Eta nik hori izugarri baloratzen dut. 

Zer ematen dizu kirol honek Ibai? Guztiz harrapatu zaitu?
Txikitatik izan dut itsasoarekin halako maitasun bat. San Pedron barrualdean ibiltzen ginen arraunean, portu aldean beti, baina egun batean, asteazken bat zen, kanpora atera ginen, iluntasunean. Hasi ginen itsasoko mugimenduarekin, olatuarekin bat egiten, eta barruan sentitu nuen kirol hau niretako zela. Itsasoan olatuak hartzen, olatuen kontra…oso sentsazio bereziak dira, bizi beharrekoak. Horregatik gonbidatzen dut jendea halako gauzak bizitzera. 

APUSTUA
Igandean telebistari begira eginik egongo gara edo Donostian, zuen lanari begira…
Telebistan oso ondo ikusten dira estropadak, baina kaian sortzen den giroa ederra da: estropadari begira, baina aldi berean jendea irratia entzuten dago, denbora erreferentziak esaten dituzte… sortzen den giroa aitari asko gustatzen zaio. Bertan dagoen giroa benetan bizitzekoa da. 

Ea etzi aritzerik duzun Ibai. Banderarekin ikusten duzu zure burua?
Bai, zergatik ez?