Kadeteak: Hugo Aznar, Arabako Itzuliko liderra

Guaixe 2019ko ira. 10a, 14:22

Lehen etapako taldekako erlojupekoan Quesos Albeniz gailendu zen eta igandeko etapa Sakana Groupeko Martzel Etxeberriak irabazi zuen, baina Hugo Aznar da liderra

Larunbatean hasi zen kadeteen mailako XLII. Arabako Itzulia, Arroiaben jokatutako 10 km-ko taldekako erlojupekoarekin. Burunda klubeko Quesos Albeniz taldea ikusgarri aritu zen eta gorritxoek denbora onena egin zuten (14:07 minutu), El Proex taldeari 11 segundo aterata. Aralar klubeko Sakana Group taldea seigarrena sartu zen, 36 segundora. Quesos Albeniz taldeko Kortesko Hugo Aznar txirrindulariak jantzi zuen liderraren maillota. 

Igandean bigarren etapa jokatu zen, Artziniegan (59 km). Etapa oso mugitua izan zen, baina azkenean tropel nagusia batera iritsi zen helmugara. Guztien artean Sakana Group-Aralar taldeko Martzel Etxeberria iturmendiarra gailendu zen (1:28:59), Hugo Aznar hirugarrena sartu zen eta bere taldekide Sergio Lopez laugarrena. 

Gauzak horrela, Hugo Aznarrek eusten dio Arabako Itzuliko lidergoari (1:43:06), bere taldekide Sergio Lopezen, Mikel Uncillaren eta Oihan Etxeberriaren aurretik. Uncilla, kadeteen lehen urteko sailkapenean lehena da. Martzel Etxeberria 18.a da, Jon Erdozia (Sakana G.) 19.a, Jon Chamorro (Q. Albeniz) 23.a, Alex Lopetegi (Sakana G.) 26.a, Ander Villalobos (Q. Albeniz) 53.a eta Unax Trebejo (Q. Albeniz) 55.a. Itzuliko talderik onena Quesos Albeniz-Burunda da. 

Arabako Itzuliko 3. eta azken etapa igandean jokatuko da, irailaren 15ean, Dulantzin (55 km), goizeko 11:00etatik aurrera. Orduan erabakiko da nork irabazten duen. 

Juniorrak: Unai Aznar seigarrena Udazkeneko Kriteriumean
Asteburuan junior mailako Udazkeneko Kriteriuma jokatu da Gipuzkoan. Larunbatean lehen etapa jokatu zen Oñatin (83 km), eta igandean 55 km-ko etapa Liernin. Bi etapa horietan sailkatu ziren lehen 45 txirrindulariek 4 kilometroko erlojupekoa jokatu zuten, Seguran hasi era Lierniko gainean despeditu zena. Erlojupekoa Pablo Castrillok (Lizarte Ermitagaña) irabazi zuen, Iñaki Diazen (Limousin Oriako) eta Unai Aznarren (Quesos Albeniz-Burunda) aurretik. Azkenean, Iñaki Diazek irabazi zuen Udazkeneko Kriteriuma. Jon Gil lakutnzarra (Lizarte Ermitagaña) 4.a sailkatu zen, Unai Aznar 6.a, Aitor Alberdi (Sakana G.) 9.a, Inhar Astitz (Sakana G.) 33.a, Mikel Lizasoain (Sakana G. 34.a) eta Unax Miranda (Sakana G.) 40.a.