Kilometro Bertikalean eta Olatzagutia-Urbasan aritzeko izena emateko azken egunak

Guaixe 2019ko ira. 10a, 14:27

Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala irailaren 22an jokatuko da eta Olatzagutia-Urbasa Mendi Lasterketa irailaren 28an. Izena emateko azken egunak dira hauek. Igandean Olaztiko lasterketako ibilbidea egiteko hitzordua jarri du antolakuntzak

Irailarekin batera bi mendi lasterketa jokatzen dira gurean. Lehena irailaren 22an izango da, igandearekin, Aralar Mendi elkarteak antolatutako XI. Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala. Eta, bigarrena, Olatzagutia-Urbasa Mendi Lasterketa, irailaren 28an Olaztiko San Migel festen barruan jokatuko dena. 

Uharte Arakil Beriain Km Bertikala (5 km, 1.023 m. desnibela) Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuiturako baliagarria da. Horretaz gain, Euskal Mendi Federazioaren Euskal Herriko Mendi Errankinerako puntuagarria izango da. Dagoeneko 200 mendi korrikalarik eman dute izena Km Bertikalean aritzeko. Izena ematea zabalik egongo da irailaren 17ko 23:59ak arte (17 euro), Rockthesport web gunean. 

Igandean Olatzagutia-Urbasa lasterketako ibilbidea erakusteko hitzordua
Aste bat beranduago XIII. Olatzagutia-Urbasa Mendi Lasterketa jokatuko da, irailaren 28an, goizeko 10:30ean, 15 km eta 900 m. desnibela duen lasterketa Izena ematea zabalik dago www.herrikrosa.eus web gunean irailaren 25eko 23:59ak arte. Irailaren 21era arte 15 euro ordaindu beharko dira izena ematearen truke eta irailaren 22tik 25era 18 euro. Ibilbidea ezagutu nahi dutenek primerako aukera dute, igande honetan, hilak 15, goizeko 9:30ean hitzordua jarri baitu antolakuntzak ibilbidea egiteko.