Altsasuko festetan Ezkurdia eta Zabaleta aurkari izango dira

Guaixe 2019ko ira. 12a, 13:01

Larunbatean 18:00etan Aspek Burunda pilotalekuan antolatu duen jaialdian Ezkurdiak Rezustarekin osatuko du bikotea, Irribarriaren eta Zabaletaren kontra aritzeko. Sarrerak salgai daude pilota enpresen web gunean

Irailaren 21ean hasiko da udako azken torneo garrantzitsua, Logroñoko San Mateo Feria. Logroñon dute burua gure pilotariek, baina bitartean herrietako festetako jaialdiek bere horretan jarraitzen dute. Azken urteetan bezala, aurten Altsasuko festetan goi mailako pilota jaialdia izango da eta pilotari sakandarrak lanean ikusteko aukera paregabea izango dugu. 

Larunbatean hasiko da Aspek Altsasun antolatu duten jaialdia, 18:00etan. Jaialdia zabaltzeko Mendizabal III.ak eta Ladis Galarzak Jaka eta Tolosa izango dituzte aurkari, eta partida nagusian Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaleta sakandarrak ariko dira, kasu honetan elkarren kontra. Ezkurdiak Rezustarekin osatuko du bikoa, Irribarriaren eta Zabaletaren kontra aritzeko. Partida lehiatua aurreikusten da, bai aurreko koadroetan eta baita atzekoetan. 

Sarrerak salgai daude pilota enpresen web gunean (https://proticketing.com/pelotavasca/es_ES/tickets). Kantxa nagusiko sarrerek 32 euro balio dituzte eta goiko solairukoek, aldiz, 21 euro. Egunean bertan ere txarteldegian erosi ahal izango dira. 

San Mateoak: Zabaleta Victorrekin, Ezkurdia Mariezkurrenarekin eta Martija Bengoetxearekin
Aurreko astean aurkeztu zuten irailaren 21ean hasiko den 40. Logroñoko San Mateo Feria, sanferminen atzetik udako 2. torneo prestigiotsuena dena. Nobedade moduan, bikote guztiak mistoak izanen dira, hau da, Aspe eta Baiko enpresako pilotariek elkarrekin osatuko dituzte bikoak.  

Guztira sei bikote lehiatuko dira, bi multzotan. Lehen multzoko bikoteak Victor-Zabaleta, Olaizola-Rezusta eta Ezkurdia-Mariezkurrena II.a izango dira, eta bigarren multzokoak Bengoetxea VI.a-Martija, Irribarria-Albisu eta Altuna III.a-Imaz. Bikote orekatuak dira eta torneo interesgarri eta ikusgarria espero da. Horretaz gain, irailaren 28an Domus Dei desafioa jokatuko dute enpresa bakoitzeko biko batek. 1.200 ardo botila daude jokoan.