Altsasuko bi taldeek galduz ekin diote denboraldiari

Guaixe 2019ko ira. 12a, 13:04
Aurreko denboraldiko Emakumeen Erregional mailako taldea.

Erregional mailako gizonezkoetan Altsasuk galdu egin zuen Zizurren kontra eta, emakumezkoetan Lizarratik puntu gabe etorri ziren altsasuarrak. Asteburuan preferente mailako denboraldi berriari ekingo diote Etxarrik eta Lagun Arteak eta Elomendiko txapelketan hasiko da Zaldua

Gizonezkoen erregional mailako 2. multzoan, asteburu honetan hasiko da liga, baina Altsasuko festak zirenez, Altsasuk astebete lehenago jokatu zuen Zizurren kontrako partida, eta partida aurreratzeagatik eskerrak eman zizkon Altsasu Kirol Elkarteak Zizurko Ardoi futbol taldeari. Tamalez, Altsasuk ezin izan zuen denboraldia garaipenarekin hasi, larunbatean Dantzalekun jokatutako partidan 0 eta 1 irabazi baitzion Zizurrek. Altsasuk partida ona egin zuen eta puntuak etxean gelditzea merezi izan zuen, baina ez zuen zortea alde izan eta puntuek Zizurrera egin zuen alde. Asteburu honetan erregional mailako 2. multzoko lehen jardunaldiko gainontzeko partidak jokatuko dira. 

Bestalde, emakumezkoen erregional mailako denboraldia aurreko asteburuan hasi zen. Lizarrako Merkatondoan aritu ziren Altsasuko erregional mailako neskak, Izarra taldearen kontra. Izarrak hartu zuen agintea eta 6 eta 0 irabazi zion Altsasuri. Sailkapenean Castejon da lider (3 puntu) eta Altsasu 16.a da, punturik gabe. Asteburuan emakumezkoen erregional mailako 2. jardunaldia jokatuko da eta Altsasuko neskek etxean jokatuko dute, Dantzalekun, ostiralean, 18:30ean, Baztan taldearen kontra. 

Preferente mailari ekingo diote Etxarrik eta Lagun Arteak
Asteburuan hasiko da Preferente mailako 2019/2020 denboraldia. Lehen multzoan Etxarri Aranatz eta aurreko denboraldian erregionaletik igo zen Lagun Artea taldeak ariko dira, ondoko taldeekin: Beriain, Itaroa Huarte B, Aibares, San Migel, San Jorge, Mutilbera B, Amigo, Arrotxapea, Ilunberri, Lagunak B, Doneztebe, Beti Casedano eta Ondalan. Guztira 30 jardunaldi izanen dituzte jokoan 12 talde hauek.
Lehen jardunaldian, San Jorgeren kontra ariko da Etxarri Iruñean eta Lagun Arteak, aldiz, Ilunberri taldea hartuko du Zelai Berrin. 

Bestalde, aipatzekoa da ere asteburu honetan Elomendiko Txapelketa hasiko dela eta bertan lehiatuko diren taldeen artean Arakilgo Zaldua taldea dagoela.