Oraindik Vueltan garaipena lortu ahal dela uste du Movistar Team taldeak

Guaixe 2019ko ira. 12a, 10:14

Atzoko etapako eguneko ihesaldia sustatu zuen talde nafarrak, eta Nairo Quintana sailkapen orokorreko bigarren postura igo zen. Roglickek eusten dio lidergoari baina Avila eta Madrilgo etapetan erasoak espero ditu

Espainiako Vueltan ia guztia erabakita zegoela uste zuten askok. Primoz Roglic (Jumbo) liderrak ongi eutsi zuen Kantabria eta Asturiasko etapa menditsu gogorretan eta liderraren maillotari eusteko aparteko zailtasunik ez zuela izango aurreikusten zen. Baina Movistar Team taldeak ezustekoa eman zuen atzo, erasoa jo, eguneko ihesaldia sustatu eta Nairo Quintana sailkapen orokorreko bigarren postura igo zuelako, Roglicetik 2:24ra. Madril eta Avilako etapetan oraindik zeresana ematen jarraitu nahi du Jose Luis Arrietak gidatzen duen taldeak, Vuelta oraindik ere irabazi ahal dela uste dutelako. 

Haizeak baldintzatu zuen atzo Aranda de Dueron hasi eta Guadalajaran despeditu zen etapa. Movistar Team taldeak bultzatuta, 28 txirrindularik egin zuten aurrera, tartean Movistar Team talde erdia, Nairo Quintana eta Hiriberriko Imanol Erbiti bertan zirela. Baita ere Deceuninck taldeko Gilbert eta Leclercq eta Astana taldeko Luis Leon Sanchez eta Gorka Izagirre, besteak beste, baina Roglic liderraren taldeko inor ere ez. Ordura arte sailkapenean bigarrena zen Alejandro Valverde tropel nagusian geratu zen, Primoz Roglic lider eslobeniarrarekin. Aurreko taldea, tarteka haizea lagun, alde handia ateratzen hasi zen eta horrek hegalak eman zizkion aurrean zioen Movistarreko Nairo Quintanari, Imanol Erbitik emandako laguntza ordaindu ezinari esker. Izan ere, atzera ere taldeburuaren aldeko lan izugarria egin zuen Hiriberrikoak eta ihes egindakoek 6 minutu pasako tartea ateratzea lortu zuten. 

Atzean, tropel nagusian ihes egindakoek hartu zuten aldea ikusita izutzen hasi ziren, Roglicek lidergoa zalantzan ikusi zuen eta Astanako Lopezek podium aukerak ihes egiten. Horrela, Astana taldea abiadura handitzen hasi zen eta euren gidaritzapean taldetxo batek egin zuen salto iheslariei tartea mugatu nahian. Talde horrekin egin zuen bat Roglic liderrak. Horrela, lasterketa bi blokeen arteko erlojupeko batean bilakatu zen. Aurrean Leclercquek eta Erbitik tiratzen zuten, eta atzean Roglickek eta Astanakoek. Lopezek aurreko taldean zeuden Izagirre eta Luis Leon Sanchezi lehen taldea uztea eta bigarrenean bera laguntzea eskatu zien.

Azkenean, esprintean Philippe Gilbertek (Deceuninck) etapako garaipena lortu zuen esprintean. Nairo Quintana 10 segundora sartu zen, eta Imanol Erbiti 51 segundora. Sailkapena irauli zuen Movistar Team taldeak. Roglicek lidergoari eusten dio baina 2:24ra du Nairo Quintana eta 2:48ra Alejandro Valverde. Gorka Izagirre 61.a da eta Imanol Erbiti 63.a. 

Vuelta ez dago erabakia
Hortaz, oraindik ez dago argi Espainiako Vueltan zer gertatuko den. Madrilgo mendizerran eta Avilan gelditzen diren etapetan lehia estua espero da. Roglicek atzo esan zuen ez zuela beldurrik pasa, baina, halaber, Vueltan edozer gerta daitekeela eta Madrilen eta Avilan “borroka handia” egongo dela gaineratu zuen. Movistar Team taldean ere argi dute: “oraindik irabazi daiteke, jakina, asteartean esan genuen bezala”. Hori esan zuen atzo Alejandro Valverdek. 

Gaurko etapa Colmenar Viejon hasi eta Becerril de la Sierran despedituko da, Madrilgo mendizerran, lehen mailako 4 porturekin: Puerto de Navacerrada, Puerto de la Morcuera, bitan, eta Puerto de Cotos, helmugarako 25 kilometroren faltan. Ostiraleko etapa laua izango da, ihesaldi edo esprinterrendako egokia, eta larunbateko etapa, Avilan, Arenas de San Pedro eta Gredos artekoa, etapa menditsua, lehen mailako bi mendate eta 3. mailako Gredos gainan despedituko dena. Beraz, etapa interesgarriak daude aurretik, Vuelta ez delako erabaki. Igandean ikusiko da nork janzten duen behin betiko liderraren maillota. 

Imanol Erbiti eta Gorka Izagirre Mundialerako aurre-sailkatuen zerrendan
Irailaren 29an Txirrindularitza Mundialak jokatuko dira Yorkshiren. Espainiako selekzioak atzo aurkeztutako aurre-sailkatuen zerrendako daude Imanol Erbiti eta Gorka Izagirre sakandarrak, ondokoekin batera: Alejandro Valverde, Mikel Nieve, Jose Joaquin Rojas, Marc Soler, Ion Izagirre, Luis Leon Sanchez, Omar Fraile, Jonathan Castroviejo, David de la Cruz, Enric Mas, Jesus Herrada, Ivan Garcia eta Alex Aranburu. 16 txirrindularietako zerrendatik behin betiko aukeraketa egingo du Pascual Mompalier selekzionatzaileak Vuelta bukatu bezain pronto.