Beltza eta Gorriti Irurtzunen ariko dira Euskal Herriko III. Mailako kanporaketan

Guaixe 2019ko ira. 12a, 15:15

Igandean izanen da, azoka egunean murgilduta dagoen Irurtzungo plazan, 18:00etan

Irurtzun eta Arakilgo Bertako Ganadu Azoka hartuko du igandean Irurtzunek. Goizetik aurrera makina bat ekitaldi izanen dira, eta herri kirolak ere bere tokia izanen du. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera Euskal Herriko III. Mailako Aizkora Txapelketako 3. kanporaketa jokatuko da Irurtzungo plazan. 

Guztira 11 aizkolari ariko dira lanean, horietako bi sakandarrak, Goizeder Beltza etxarriarra eta Iker Gorriti uharte arakildarra. Haiekin batera Mikel Agirre, Jon Esnal, Haritz Esnal, Urtzi Olasagasti, Patxi Mindegia, Eneko Saralegi, Emilio Garcia, Jon Telletxea eta Jacinto Etxekonanea ariko dira lanean. Guztiek lau kanaerdiko erdibitu beharko dituzte, eta lehen bi sailkatuak final handirako sailkatuko dira, aurretik jokatutako beste bi kanporaketan sailkaturiko beste lau aizkolariekin batera.