"Kontzertu batean ez baduzu disfrutatzen, ez duzu guztia ematen"

Guaixe 2019ko ira. 13a, 13:41
David Sanchez Haize Berriak bandaren zuendarietako bat entsegu batean.

Altsasuko festetan kontzertua eskainiko du Haize Berriak Sakanako bandak. David Sanchezek musikariak zuzentzeko ardura izanen du

Luis Orduña hamalau urtez Haize Berriak bandako zuzendaria izandakoak batuta utzi zuenetik, bi zuzendariekin lanean ari da banda. Altsasuko festetan, irailaren 15ean, igandean, kontzertua eskainiko du Sakanako bandak, eta David Sanchez izanen da zuzendaria. Sanchez bandaren behin betiko zuzendaria izan daiteke. 

Nola da Haize Berriak zuzentzea?
Ongi. Lehenengo egunetik giro osa ona dago. Gertutasun giroa dago eta erraztasun guztiak eman dizkidate. Nik ongi pasatzen dut, eta hori garrantzitsuena dela uste dut. Musikariak ere ongi pasatzen dutela uste dut. 

Nola iritsi zitzaizun aukera?
Juntakideak kontaktuak hartzen egon ziren, eta eskaerarekin deitu zidaten. Zuzendariekin probak egingo zituztela esan zidaten, hainbat kontzertu egin beharko nituela, eta baldintzak azaldu zizkidaten. Eta hemen gaude. Egia esan, ez nuen aurretik Haize Berriak ezagutzen. Erriberrikoa naiz eta hemendik gutxitan aritu naiz. Gustura hartu nuen eskaera. Hasieratik baietz esan nuen. 

Zein da zure ibilbidea musikan?
Luzea. Erriberriko musika eskolan hasi nintzen sei urterekin. Perkusioa ikasi nuen; Pablo Sarasate kontserbatorioan perkusioko goi maila ikasi nuen eta, ondoren, musika zuzendaritza karrera egin nuen Aragoiko kontserbatorioan. Murillo del Frutoko banda zuzendu dut, baita orkestraren bat ere. 

Zergatik zuzendaritza?
Ez dakit. Goi mailako azken ikasturtean erabaki nuen. Perkusioarekin nahiko erreta bukatu nuen. Irakasle batekin hainbat urte egon nintzen, eta azken urtean aldatu zidaten. Aldaketa oso handia izan zen. Irakasleak asko estutu ninduen, eta nahiko nekatuta bukatu nuen. Zuzendaritzak beti deitu dit, betidanik eskuak mugitu izan ditut zuzentzen ariko banintz bezala. Urte horretan esan nuen: zergatik ez? Sarbide probak bakarrik prestatu nituen, irakasle batek ariketak zuzentzen zizkidan, zortea izan nuen eta aurrera. 

Zein da zuzendariaren lana?
Nik gutxien egiten badut, hobe. Hobe haiendako, ez diedalako molestatzen; eta hobe niretako, ez dudalako asko egin behar. Lan handiena haiek egiten dute. Nire lana dena fintzea da; intrepretazioa fintzea. Gauzak nola egin esan behar diet, arazoak konpondu... Lanaren ikuspuntua hartu eta zuzendariak buruan duenaren antzera egiten saiatu. Kontzertuetan ikus-entzuleendako ikusgarriena da, baina musikariendako gutxien ikusten dena da. Garrantzitsuena entseguetan gertatzen da. Entrenatzailearen eta psikologoaren arteko zerbait da. 

San Joan egunean Altsasuko publikoarekin lehenengo su proba izan zenuen. Nola joan zen kontzertu hori?
Plazako musikako kontzertu bat izan zen; denetarik uztartu genuen. Lan handia egin zuten eta emaitza oso ona izan zen. Jendea oso pozik gelditu zen. Soinuak harritu ninduen, gustatu zitzaidan bandaren soinua. Espektatibak gainditu zituzten. 

Nolakoa izango da igandeko kontzertua?
Ez ohiko kontzertua izatea nahi genuen. Betikotik aldentzea. Bizi naizen tokian ere halakoak egiten dira: proposatu nien festetan gehien parte hartzen duten Altsasuko kolektiboekin bat egitea kontzertuan. Elkarteekin hitz egin genuen eta baietz esan zuten. Banda eta gaiteroak egongo dira, baita dantzariak eta erraldoiak ere... Ezinezkoa da elkarte guztiak batzea, baina bai garrantzitsuenetarikoak. Ikuskizun bat izango da. Jendeak parte hartzeko kontzertua izango da. 

Nola izaten ari dira entseguak?
Iraila hilabete zaila da. Egun gutxitan entseatu behar da eta errepertorio desberdina da. Muntatzeko ez da oso zaila eta eskatzen dietena egiten dute. Ongi doa. Erraza egiten dute. 

Proban zaude. Presioa sentitzen duzu?
Ez. Nik badut dohaina edo akatsa, norberaren iritzia izango da, dena ongi egitea gustatzen zaidala. Zuzendaritzaren alde honetan dena ez da nire erantzukizuna, baina musikari bezala ez zait huts egiten gustatzen. Ez da presioa aukeratua izateagatik edo ez. Presio hori gainean baditut, lau edo bost kontzertu hauek ez ditut gozatuko. Eta ez dut hori nahi. Ez baduzu disfrutatzen, ez duzu guztia ematen. Presioa kontzertua ongi joan dezan daukat, errepertorioak funtziona dezan, denboran sartzea... Kontzertu baten presioa da. Lan bat da, eta ongi egin behar da. 

Nolakoa da zure estiloa?
Lau urtetako karreran hiru irakasle izan nituen eta azkenekoak markatu zidan. Zuzentzeko modua aldatu zidan, baina bereziki musika entzuteko eta entseatzeko modua aldatu zidan. Nire estiloa da musikariak ez molestatzen saiatzea eta eskuekin ahalik eta argien izatea.