Irurtzungo Udala Plazaola turismo partzuergoko bazkide publiko berria da

Aitor Larraza Carrera irurtzundarra da Plazaola turismo partzuergoko presidente berria.

Datorren 4 urteetarako partzuergoko lehendakaritzarako hautatua Aitor Larraza Carreraizan da, Irurtzungo alkatea, batzar orokorraren botoen guztien babesarekin. Bidelagun berri izateko “arduraz eta ilusioz, eta eskuak zabalik” egongo direla adierazi du. 

Irurtzungo Udalak garilean onartu ondoren, Plazaola turismo partzuergoaren bazkide da,  agorrilaren 8ko osoko batzarrean onartua izan eta gero. Araizko udalaren ondoren, partzuergora batu den azken udala izan da. Osotara 8 udal daude, beraz, gaur egun partzuergoan: Araitz, Arakil, Areso, Imotz, Irurtzun, Larraun, Leitza eta Lekunberri. Gainera, 95 bazkide pribatu ere badaude partzuergoaren barruan.

Horretaz aparte, abuztuaren 8an, partzuergoko bazkideek lehendakari hautatu zuten Irurtzungo alkatea den Aitor Larraza, hurrengo 4 urteetan karguan izanen dena. Zentsuaren % 58ak bozkatu zuen, eta ahobateko babesa jaso zuen Larrazak. Bera izan zen kargurako hautagai modura aurkeztu zen bakarra, eta Natalia Azkona Lekunberriko alkate ohiak eman zion lekukoa. 

Aitor Larrazak, hautatua izan baino lehen, Plazaola turismo partzuergoaren ibilbidea goraipatu zuen, haren 25. urteurrenean. Partzuergoaren mugarriak aipatu zituen: Plazaola bide berdea, Ederbidea, Eurovelo 1 eta Nafarroako Gobernuarekin lantzen ari diren hainbat proiektu goraipatu zituen. “Partzuergoa aparteko erreferentzia bihurtu dela” nabarmendu zuen, bai Nafarroan bai kanpoan. 

Bestalde, sinergiak sortzeko beharra, eta gainontzeko sektoreekin lan egiteko aukerak ere aipatu zituen, lurralde osoaren garrantzia nabarmenduz. Aipatu guztia partzuergorako eta eskualdeko turismo, ekonomia eta garapenerako onuragarria izanen dela adierazi zuen, eta horretarako “arduraz eta ilusioz, eta eskuak zabalik” egonen direla, bidelagun berri izan eta partzuergoa indartuko dituzten ekarpenak jasotzeko.

Bigarren aldiz partzuergoan
Irurtzun lehenago ere izan zen Plazaola turismo partzuergoko kide, baina 1999-2000 urtean atera zen. Eduardo Murugarren zinegotziak argudiatu zuenez, “Latasatik Irurtzunerako proiektuaren zatian arazoak besterik ez zeudelako, eta Iruñean interesik azaltzen ez zutelako”. Erdian eta ezer gabe gelditzen zirela uste zutenez, atera egin ziren. Hala ere, Irurtzungo eta Araizko udaleak batzearekin baliabideak batu eta turismo arloan aukera gehiago sortzen dituztela adierazi dute partzuergotik.