Ez galdu euskara ikasteko aukera

Guaixe 2019ko ira. 16a, 09:02

Euskaltegietan izena emateko epea zabalik dago, euskara ikasten hasteko edo ikasketak bukatzeko. Ikasleek Sakanako Mankomunitatearen diru-laguntza jasoko dute.

Ez dago aukera galdurik. Ez horixe. Horregatik, orain da garaia euskaltegirako bidea hartu, atea zabaldu eta izena emateko. Jakina, telefonoz ere egin daiteke. Ez baitago aukera galdurik euskara ikasten hasteko edo hasitako ikasketak despeditzeko. Euskara gozatzeko dela nabarmendu dute euskaltegietatik. “Euskaltegia ikasteko ingurune atsegina da, eta kontuan hartzen ditu adin guztietako helduen ezaugarriak eta beharrak”. Eta euskara irakasleek azpimarratu dutenez, “ikasketa aktiboan oinarritutako metodologiak erabiltzen ditu, komunikazio gaitasun praktikoak barneratzeko”. 

Helduak eta, bereziki, gazteak funtsezkoak dira euskarak bizirik irauteko. Izan ere, helduek motibazio, kontzientzia eta ilusio handia izaten dute euskara barneratzeko eta erabiltzeko, azken batean, aukera anitz ematen dielako hizkuntza komunitate dinamiko batean sartzeko.

Hirugarren urtez, Nafarroako Gobernuak 32 toki erakunderekin, Sakanako Mankomunitatea barne, eta Nafarroako euskaltegiekin batera kanpaina egin du, euskaltegietan matrikulazioa sustatzeko. Sakanako eskaintzaren berri izateko AEKrengana jo daiteke: 948 468 258 telefonora hots eginez, sakana@aek.eus e-postara idatziz edo Itsasi euskaltegitik pasaz (Altsasu, Gartzia Ximenez, 46). Kanpainako antolatzaile guztiek gogorarazi dute euskara ikasten dutenek diru-laguntzak eskatzeko aukera dutela. Horren berri Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan emanen dizkizute, 948 464 840 telefonoan edo euskara@sakana-mank.com e-posta helbidean.