Haizeari lotutako industria sektorearen Nafarroako historia ibarrean hasi zela esan liteke. Energia Hidroelectrica de Navarra (EHN) enpresa publiko-pribatua herrialdean energia berriztagarriak sustatzeko sortu zen XX. mendeko 90eko hamarkadan. Bere haize-programa garatzeko industria azpiegitura behar zuen eta horrela sortu zen Gamesa Eolica, Juan Cruz Alli presidenteak 1994ko lastailaren 6an mustu zuena. Gamesa Eolican bat egin zuten Gamesak (% 51), Danimarkako Vestasek (% 40) eta Sodena enpresa publikoak (% 9).
Nafarroako haize-industriako aurreneko sei haize-errotak Erreniegako mendizerran jarri zituzten eta haien hegalak 1994ko abenduaren 18an hasi ziren biraka. Altsasuko Pinhor enpresak egin zituen haize-errota horien dorreak Comayderekin elkarlanean. Dorre bakoitzak 40 metroko altuera du eta 500 kw-eko potentzia.
Gamesa Eolicak Nafarroan hiru lantegi muntatzeko 750 milioi pezetako inbertsioa eginen zuela jakinarazi zuen 1995eko apirila hasieran. Lantegi haietako bat Altsasuko Fiberblade izanen zen eta bestea Olatzagutiko Apoyos Metalicos. Altsasuko enpresa Gamesa Eolicarena zen % 100ean eta haize-erroten 30 metro arteko luzerako hegalak eginen zituen. 550 milioi pezetako inbertsioa eskatu zuen martxan jartzea. Haietatik 150 milioi 40 langile compositearen erabileran trebatzeko bideratu ziren. 1996ko martxoaren 9an hasi ziren lanean aurreneko 15 langileak eta 150 izatera iritsi zen. 2010eko maiatzaren 17 izan zen azken lan eguna. Gamesak ixtea erabaki zuen haize-errotendako hegal handiagoak egiteko espaziorik ez zegoelako. Tamaina kontua, beraz, Apoyos Metalicosen kasuan bezala.
Olatzagutiko enpresa Gamesa Eolicaren (% 80) eta Comayderen (% 20) artean eratuko zuten. 450 milioi pezetako inbertsioa eskatu zuen 5.485 m2-an lantegia jasotzea. Hasierako aurreikuspenak ziren 30 langilerekin 60 metro arteko haize-erroten dorreak egiten hastea eta 55 langiletara iristea. 1995eko garagarrilaren 30erako martxan nahi zuten lantegia. Orain ateak itxiko dituen Apoyos Metalicosen lan istripuan hildako langile bat izan zen 2008an.
Haize-erroten dorreak egiteko lantegia berria eginen zela eta Pinhor enpresa altsasuarreko zuzendaritzakoek Nafarroako Parlamentuko Industria Batzordera joateko eskaera ekarri zuen. Nafarroako Haize Planaren barruan haien egoera zein zen jakin nahi zuten. Ez zen altsasaurren agerraldirik izan Gamesak eta Pinhorrek akordioa lortu zutelako azken horrek lastailera arte 20 bat dorreak egin zitzan. Bestelako lanak ere emanen zizkion. Urte hartan Abengoarendako 25 dorre eginen zituen.
Ordutik Sakanako beste enpresa batzuk sartu dira haize-sektorean. Hala, 2012ko irailaren 11n jakin zen sei enpresa nafarrek Navarra Wind Energy Consortia, Naweco, elkartea sortu zutela. Haietako hiru sakandarrak ziren: Uharte Arakilgo Laneko (torloju bereziak), Lakuntzako Industrial Barranquesa (dorretarako altzairuzko aroak eta bridak), Altsasuko Jatorman (prozesuen automatizaziorako ingeniaritza konponbideak). Lakuntzako Sakana kooperatiba ere aspalditik ari da haize-sektorearendako piezak sortzen. Herri bereko Industrias Barga ere haize erroten barruko material hornitzailea da.