Hausnarketarako azoka

Guaixe 2019ko ira. 14a, 11:38
Antolatzaileak azokaren berri eman zuten.

Igandean, 09:00etatik 14:30era, VII. Irurtzungo eta Arakilgo Bertako Ganadu Azoka izanen da. “Helburua elikadura-burujabetzari buruzko hausnarketa da. Pentsatzen baitugu gizarte bat dela ekoizten duena eta jaten duena. Ekoizpen jasangarria duen gizarte bat gizarte jasangarria izanen da”. 

Azoka honen xedea da nekazaritza eta abeltzaintza eredu jasangarri bat aldarrikatzea. Eta Sakanako ekoizleak elkartzen dituen Belardi elkarteko Aritz Ganboa de Migelek azaldu digunez, “eredu jasangarri hori ordezkatzen duten ustiategiak gure plazan aurkeztea” ere. “Ustiategi horiek, bai landare bai abere, bertako arraza batzuei lotuta daude. Nekazaritza edo abeltzaintza arraza horiek gure paisaien mantenu lanetan ibiltzen dira gure natur gunean”. 

Belardikoek azokaren bidez “uztartu” nahi dute “batetik, gure bertako arrazak. Gure paisaia, gure natur-ondarea, gure kultur-ondarea. Eta, bestetik, ekoizleak. Gure gastronomia-ondareaz eta gure elikaduraz arduratzen direnak. Horiek gara aurkeztuko ditugunak gure produktuak azokan. Horregatik esaten diogu azoka gardena, produktuen atzean dagoena produktuen ekoizlea delako”. 

Senidetzea
Belardi elkarteko eta EHNE-Bizilurrekoak izanen dira ohi bezala plazan. Azoka gardeneko aurtengo berritasuna Idokiko bi ekoizle Irurtzunen izanen direla. Idoki Ipar Euskal Herrian laborantza iraunkorra sustatzen duen elkartea da. Haien bi postuetan esnekiak, arto-irinez egindako pastelak eta Ezpeletako piperrak izanen dira eskuragai.  

Ganboak gaztigatu digunez, “hau ez da kasualitatez izanen. Euskal Herriko Laborantza Ganberak Miarritzen antolatutako Lurrama azokan Nafarroa gonbidatua izanen da (azaroak 8-10). Azkenean Lurrama azokak Irurtzun-Arakilen ordezkatzen dugun ereduarekin erabat lotuta dago. Idokikoek euren mozkinak ezagutarazteaz aparte Lurrama azoka ere aurkeztuko dute”. 

Aldi berean, Ganboak sakandarrei deialdia egin die azaroko Lurrama azokara joateko. “Nafarroa gonbidatua izanen da. Gastronomia-ordezkaritza eta ekoizleena han izanen da. EHNE Bizilur izanen da kudeaketa eginen duena eta han Belardiren produktuak ere izanen dira. Igandekoa azaroko azoka horretarako aurreneko gerturatzea izanen da”. Gaineratu duenez, “Iparraldeko bi ekoizleak Irurtzun-Arakilgo azokan egoteak Idokiren, Belardiren eta EHNE-Bizilurren arteko senidetzea suposatzen du. Bertako ekoizleok egiten ditugun elkarren arteko elkartasun ekimenak dira.  Guretako, Sakanan eta Nafarroan, Idoki beti erreferentzia bat izan da”. 

Lurrama azoka klima aldaketaren inguruan izanen dela aurreratu digu Ganboak (klima bizia da leloa du). Irurtzungo azoka ere horri lotuta izanen da aurtengoan. “Klima aldaketarena arazo garrantzitsua bihurtu da. Nazioartean eta Euskal Herrian agenda politikoan lehen postuetan dagoen arazoetariko bat dela baliatuz, horren inguruko hausnarketa egin nahi dugu”. Belardikoek azpimarratu nahi dute klima-aldaketaren aurrean nekazaritza eta abeltzaintza eredu jasangarriak tresna egokienak dira. “Gure bioaniztasuna zaintzen dutelako eta gure natur-ondare horrek aurre egiten diolako klima-aldaketak ekartzen dituen ondorio larriei. Abeltzaintza estentsiboak karbono aztarna finkatzen laguntzen du. Gure bio-aniztasunaren aberastasun hori gure animaliek, hau da, azokan aurkituko ditugun animaliei erabat lotuta dagoela”. 

Horregatik, “klima aldaketa ekiditeko nekazaritza eredu jasangarriak, bertako nekazaritza ereduak, bertako kontsumo ereduak dira tresna hoberena”. Izan ere, berriki ezagutu den datu baten arabera pertsona baten berotegi-efektuko gasen % 37,5 elikadura motaren ondorioa da. “Batez ere, dieta hau osatzen duten elikagaiak urrunetik ekartzen direlako eta hauek ekoizteko ereduak orokorrean kutsakorrak eta baliabide xahutzaileak direlako”. Ondorioz. Belardikoak laborantza iraunkorraren alde egiteko eskatu die erakundeei eta herritarrei: “batez ere, dieta hau osatzen duten elikagaiak urrunetik ekartzen direlako eta hauek ekoizteko ereduak orokorrean kutsakorrak eta baliabide xahutzaileak direlako”. 

Egitaraua 
Goizean zehar
Garai bateko nekazaritzako lanabesen erakusketa ikusgai izanen da. Baita kanoi batek botatako goxokiak jasotzeko aukera ere. Aldi berean, sokak nola egiten ziren ikusteko aukera izanen da. Gainera, Iskidiren mitologia-pertsonaiak, joaldunak, trikitilariak eta gaitariak kaleak animatuko dituzte. Taloak dastatzeko aukera ere izanen du bisitariak. Horrekin batera, Irurtzungo, Arakilgo, Sakanako eta Plazaolako turismo informazioa eskuragai izanen da. Rosa Etxabek haurrendako buztingintza tailerra eskainiko du. Ogibideak eta baserri jokoak ere izanen dira. 

Frontoi irekian, abereen gunea: 
Latxa ardi arpeltz eta mutur gorriak (Aslana), Nafarroako rasa ardi (Arana) eta sasi-ardia (Sasiko), behi piriniarra (Aspina), nafar kasta eta betizua (Asbena), ahuntz pirenaikoa, euskal txerria, pottokak, Auritz arrazako zaldi-behorrak (Ascana), Nafarroako jaka (Jacana), euskal astoak eta euskal oiloak (Eoala elkartea). Azken horien hainbat mota izanen dira ikusgai. Gainera, elkartekoek bertako oiloen katalogazioa eta puntuazioa eginen dute. 

Foru plazan, azoka gardena: 
Ardi gazta, karakolak, barazkiak, behi-esnekiak, euskal txerrikia, ahuntz gazta, arrautza ekologikoak, marmeladak, potxak, garagardo ekologikoa, ogia, pastelak, pastak, ukenduak, eztia. ardo ekologikoa eta beste. 

Lizarra eta Amaia kaleetan, erakusketak eta artisautza: 
Arbaso elkarteko kide diren honako artisauak izanen dira: Erabili (ehuna), Anuahel (kosmetika), Artilezko hodeiak (ehuna), Larruzko Eskua (larrua), El Txoko de la Artesania (kilikiak), Encueros Larrutan (Larrua), Kromosoma tailerra (jostailuak), Mil cositos (imitazioko bitxigintza), Wül (feltroa), Artisai (ehuna) eta Zapatari (oinetakoak). Brun forjariak (forja erakustaldia).


Gazta lehiaketa 
III. Gazta Herri-Lehiaketa jokatuko da Irurtzun-Arakilgo azokan. Nafarroako Mendialdeko gazta keatuek eta naturalek parte hartuko dute. Lehiaketara aurkezten diren gaztak ardi latxaren edo bertako ardi arrazen esnez eginak izan behar dute. Artzainek beraiek egindako gaztak izan behar dute. Epaimahaia herritarrak izanen dira. Informazio gunean txartel bat hartuz gazta dastaketan parte hartzeko aukera izanen da, 12:00etan. Sakanako landetxetara etortzen direnak dastaketan parte hartzeko gonbidapena izanen dute. Ondoren botoa emanen dute. Puntu gehien biltzen dituen gaztaren egilearendako izanen da txapela. Lehiaketak guztira hiru sari banatuko ditu, Brun forjan eginiko oroigarriekin batera. Sariak 14:00etan banatuko dira. 

Frontoiaren atzean:
Tradizioei loturiko baserriko joko eta jolasak.
 
Bazkaria eta aizkolariak 
Kontsumo eredu zuzeneko ereduetan parte hartzeko deia egin zuen Ganboak. Gainera, “azokaren filosofiarekin koherentea” den jarduera antolatu dute, herri bazkaria. Belardi elkarteko ekoizleek mandarrak ere jantziko dituzte igandean. Bertako produktuekin egindako paella prestatuko dute herri bazkarirako. Barazkigunean, 15:00etan izanen da. Ehun pertsonarendako prestatuko dute jatekoa. Bazkaltzen gelditu nahi duenak igandean bertan txartelak 15 eurotan erosteko aukera izanen du. Horiek azokako informazio gunean, turismo-informazio gunea ere baden horretan eros daitezke. Azoka ixteko Euskal Herriko III. mailako Aizkolari Txapelketako bigarren kanporaketa jokatuko da. Foru plazan izanen da, 18:00etan.  

Erlazionatuak