Ibai Gonzalezen Orio, Eusko Label Ligako txapelduna

Talde horiak bere lehendabiziko liga irabazi du, ligako 20 probetatik 8 irabazi eta gero. Larunbatean Bermeoko bandera eta Eusko Label Liga irabazi zuten arranoek. Ibai Gonzalez urritzolarrak lan bikaina egin du

Urritzolako Ibai Gonzalez arraunlariaren Orio taldeak Kontxako Bandera irabazi ez izanaren arantza atera zuen, talde horiak Eusko Label Liga irabazi baitu lehenengoz. Larunbatean Bermeoko estropadak jokatu ziren, Bermeoko 37. Bandera, ligako azkenaurreko estropada, eta arranoek primeran egin zuten arraun. Estropada irabazteaz gain, Eusko Label Liga irabazi zuten Jon Salsamendi entrenatzailearen eta Gorka Aranbarri patroiaren mutilek, Orioko klubaren historian lehendabiziko aldiz. “Ezin da gehiago eskatu. Eusko Label Ligako palmaresean gure izena jarri dugu lehendabizikoz, 8 bandera irabazita. Pozez zoratzen nago, ezin dut gehiago eskatu” adierazi zuen Salsamendik. 

Atzo ligako baliagarriak ziren azken estropadak jokatu ziren, Portugaleteko 65. El Corte Ingles Bandera, hain zuzen ere, eta haizearen norabide aldaketa bikain probestu zuen Urdaibaik estropadak irabazteko. Atzokoa ez zen Orioren San Nikolas traineruaren jardunik onena izan, baina bezperatik Eusko Label Liga eskuan zuten, etxeko lanak eginak, eta denboraldia kontentu bukatu dute arranoek. Eusko Label Ligako sailkapenean 20 probek puntuatzen zuten; Oriok 213 puntu lortu ditu eta 8 estropada irabazi ditu –Bilbo, Zierbena, A Coruña, Donostia, Santurtzi, Hondarribia, Boiro eta Bermeo–, Hondarribiaren (201 puntu) eta Santurtziren (196 puntu) aurretik. 

Ibai Gonzalez San Pedroren Libian ibili zen aurreko denboraldietan eta aurten Orioko San Nikolasen ibili da. Talde horiarekin primerako debuta egin du Urritzolakoak, Eusko Label Liga lehenengoz irabazi baitute arranoek.