Imanol Erbitiren Movistar Team, Vueltako talderik onena

Guaixe 2019ko ira. 16a, 11:01

Atzo despeditu zen Espainiako Vuelta. Roglicek eutsi zuen eta bera da merezitako garailea, Valverderen eta Pogacarren aurretik. Erbiti oholtzara igo zen, talderik onenaren saria jasotzera. Gorka Izagirreren Astanak ez zuen lortu Miguel Angel Lopez podiumera igotzeko helburua

Atzo despeditu zen Espainiako Vuelta, Madrilen. Esprintean erabaki zen etapa eta Deceuninck taldeko Fabio Jakobsen izan zen azkarrena, Sam Bennett (Bora) eta Szymon Sajnok (CCC) txirrindularien aurretik. Baina garrantzia sailkapen orokorreko podium nagusian zegoen. Etapan garagardoarekin topa egin zuten Vueltako irabazle Primoz Roglic (Jumbo) eslobeniarrak, Alejandro Valverde (Movistar Team) bigarrenak eta Tadej Pogacar (UAE Emirates) hirugarrenak. Madrilgoa garailearen paseoa izan zen Roglicendako. Bereziki Movistar Team taldeak egindako erasoei tinko eutsi die eslobeniarrak, eta merezitako garailea da. 2:16 minutu atera dizkio munduko txapeldun Valverde beteranoari eta 2:38 Pogacarri. 39 urte dituen Alejandro Valverderena ikusgarria da. Murtziarrak Vueltan bere 7. podiuma lortu du aurten eta bigarren postua lortu izanagatik “oso harro” dagoela onartu du. Roglicek, liderraren maillotaz gain, gazte onenaren maillot txuria jantzi zuen. Bestalde, Nairo Quintana (Movistar) izan da laugarrena sailkapen orokorrean, 4:31ra, eta Miguel Angel Lopez (Astana) bosgarrena, 4:31ra. 

Vueltako talderik onenaren saria Movistar Team-ek jaso zuen. Izan ere, Jose Luis Arrieta uhartearrak zuzentzen duen taldea bikain ibili da. Vuelta irabaztea eta Nairo Quintana podiumera igotzea izan da falta izan zaiena, baina aurten hiru itzuli nagusietan –Giroa, Tourra eta Vuelta– talderik onenaren saria jaso du talde urdinak eta Espainiako Vueltan taldekako bere 11. garaipena lortu du talde nafarrak. Imanol Erbitik, atzera ere, talde gizon bikaina dela erakutsi du. Bere liderren alde lan itzela egin du Hiriberrikoak, eta Movistarrek beste bi urtez luzatu dio kontratua egun 35 urte dituen txirrindulariari. Sailkapen orokorrean 64.a sailkatu da Erbiti, 2:52:45ra. 

Gorka Izagirrek ere talde lan bikaina egin du, baina ez da nahikoa izan bere taldeburuak, Miguel Angel Lopezek, podiuma lortzeko. Sailkapen orokorrean 53.a sailkatu da ormaiztegiarra, 2:37:27ra. 

Imanol Erbiti eta Gorka Izagirre Mundialetan aritzeko aurre-zerrendan daude. Espainiako selekzionatzaileak aurki emango du Mundialetan ariko diren txirrindularien behin betiko zerrenda.