Preferentea: Lagun Arteak irabaziz estreinatu du maila eta Etxarrik ezin izan zuen irabazi

Maider Betelu Ganboa 2019ko ira. 17a, 11:28
Lagun Artearen aurreko denboraldiko partida bat. Artxiboa.

Preferente maila. 1. jardunaldia: Lagun Artea 3-Ilunberri 0 / San Jorge 5-Etxarri Aranatz 1

Preferente mailan asteburuan hasi zen denboraldia. Etxarri Aranatzek Iruñean ekin zion denboraldiari, Sanduzelain, San Jorge taldearen kontra. San Jorgek berritutako talde gaztea aurkeztu zuen, hasiera-hasieratik erasoan hasi zena eta Etxarri taldea estu hartu zuena. Presio horren ondorioz, lehen ordu erdian hiru gol sartu zituen San Jorgek, eta penalty bat huts egin zuen. Etxarri Aranatzek ez zuen etsi eta atsedenaldia baino lehen Xabatek gola sartu zuen. 

Bigarren zatian arbitroak Etxarriko Markel aldageletara bidali zuen eta San Jorgeren aldeko penaltia seinaleztatu zuen. Horrela iritsi zen San Jorgeren laugarren gola, eta minutu batzuk beranduago bosgarrena sartu zuten iruindarrek. Eta horrela despeditu zen partida, Etxarrik 5 eta 1 galduta. 

Aldiz, iaz mailaz igo zen Lagun Arteak preferente maila modu ezin hobean estreinatu zuen. Ilunberriren kontra jokatu zuten lakuntzarrek. Arbitroak txartel gorria atera zion Ilunberriko Aguerriri, eta falta zuzenari esker Lagun Artearen lehendabiziko gola sartu zuen Unai Zubiriak. Atsedenaldia baino lehen Zubiriak bigarren gola sartu zuen. Bigarren zatian partida nahiko aspergarria bilakatu zen, eta Lagun Artea jokalari bat gutxiagorekin geratu zen Essobaik bi txartel hori ikusi eta gero. Arbitroak Lagun Artearen aldeko partida bat seinaleztatu zuen eta Davilak lakuntzarren hirugarren gola sartu zuen. Horrela, 3 puntu garrantzitsurekin ekin dio denboraldiari Lakuntzako taldeak. 

San Jorge da preferente mailako lehen multzoko liderra (3 puntu). Lagun Artea hirugarrena da (3 puntu) eta Etxarri Aranatz 16.a, punturik gabe. Hurrengo jardunaldian sailkapenean 13.a den Ondalan taldea izango du aurkari Lagun Arteak eta Etxarri Aranatzek sailkapenean 11.a den Mutilbera B hartuko du. 

Erregional mailan Altsasuk Amaya izango du aurkari
Erregional mailako lehen jardunaldia jokatu da asteburuan. Altsasuk eta Zizurrek jokatu beharreko partida aste bat lehenago aurreratu zuten, Altsasuko festak direla eta. Altsasuk ongi jokatu zuen eta saiatu zen, baina Zizurko Oscarrek 52. minutuan Altsasuko atea zulatu zuen. Altsasuk gupida gabe eraso zuen, eta berdintzeko aukerak izan zituen, baina Zizurrek ahal izan zuen moduan defendatu egin zen eta garaipenari eutsi zion. 

Erregional mailako liderra Amaya taldea da (3 puntu). Altsasu 10.a da, punturik gabe. Hurrengo jardunaldian hain zuzen ere Amaya taldearen izango du aurkari Altsasuk.