Altsasuko festak 2019

90. Altsasuko Txirrindularitza Proba Iñigo Elosegirendako

Guaixe 2019ko ira. 17a, 13:43

Lizarteko txirrindularia esprint estuan gailendu zitzaien Calleri (Rural Kutxa) eta Fagundezi (Baque). Altsasuko probak Euskaldun Txapelketa erabaki zuen eta Victor Etxeberria (Telcom) izan zen txapelduna. Lehen nafarraren saria Josu Etxeberria iturmendiarrak (Rural Kutxa) jaso zuen

Altsasu Kirol Elkarteak mimo handiz prestatutako 90. Altsasuko Txirrindularitza Proba jokatu zen igandean Altsasun. Estatuko 2. proba zaharrena da Altsasukoa, Irungoaren atzetik, eta antolatzaileek merezitako aitortza jaso zuten ostiralean, Altsasuko festen hasierako etxajua txirrindularitza probaren antolaketan ibili diren Eliseo Gorospek, Miguel Angel Montesinosek eta egungo arduradun Felix Mazkiaranek piztu baitzuten. Eguraldia lagun jokatu zen proba, eta afizionatuen mailako elite eta 23 urtez azpiko 177 txirrindularik ekin zioten, gogotsu, 121,6 km-ko lasterketari. Altsasuko probaz gain Euskaldun Torneo prestigiotsua zegoen jokoan, torneoko azken lasterketa puntuagarria baitzen Altsasukoa. 

Azken urteetako ibilbide aldaketari jarraiki, txirrindulariek Altamira bost aldiz igo behar izan zuten, Ameztiako maldak ere gainditu behar izan zituzten, eta guztira 10 aldiz pasa ziren Altsasutik, festetan jendez gainezka zegoen herri gunea are gehiago girotuz. Oso proba azkarra da Altsasukoa, aurrean egotea ezinbestekoa izaten da eta horrek berak gogortzen du proba. Beraz, hasieratik izan ziren erasoak, bereziki Rural Kutxa-Seguros RGA etxeko taldeak, Lizartek eta Goierriko TB-Laboral Kutxak egindakoak. Hala ere, eraso bat sortu ahala, tropelak berehala neutralizatzen zuen. 

Probaren erdialde aldera, taldetxo batek egin zuen aurrera. Tartean zeuden Jokin Murgialdai, Aritz Kortabarria, Javier Gil, Francisco Javier Agea eta Sergio Fernandez, baina tropelak ihes egindakoen asmoa zapuztu zuen. Bukaera aldera, azken itzulian, 20 txirrindulari inguruk erasoa jo zuten, eta helmugarako metro gutxiren faltan Iñigo Elosegik (Lizarte), Juan Fernando Callek (Rural Kutxa-Seguros RGA) eta Antonio Fagundezek (Baqué) metro batzuk aurrera egitea lortu zuten eta batera iritsi ziren helmugara. Azkeneko esprintean, hurrengo urtean Movistar Team taldearekin profesionaletara salto egingo duen Iñigo Elosegik lortu zuen 90. Altsasuko Txirrindularitza Proba irabaztea (2:49:55), Calleren eta Fagundezen aurretik. 

Sakandarrei dagokienez, Josu Etxeberria iturmendiarra (Rural Kutxa-Seguros RGA) 13.a iritsi zen, 5 segundora; Ailetz Lasa ziordiarra (Goierriko TB-Laboral Kutxa) 14.a, 5 segundora, eta Eneko Aramendia iturmendiarra (Goierriko TB-Laboral Kutxa) 18.a, 8 segundora. 

Etxeberria lehen nafarra
Sariei dagokienez, txapeldunen eta ohorezko podiumen sariez gain, Jokin Murgialdaik (Lizarte) mendiko saria lortu zuen eta Aritz Kortabarriak (Eulen) tartekako helmugen saria. Eta Josu Etxeberriak (Rural Kutxa) nafarroako txirrindulari onenaren maillota jantzi zuen. Taldekako saria Iñigo Elosegi txapeldunaren Lizarte taldearendako izan zen. 

Euskaldun Torneoa Victor Etxeberriarendako
21 lasterketek puntuatzen dute afizionatuen mailako Euskaldun Torneorako, eta azken proba puntuagarria Altsasukoa zen. Azkenean, Victor Etxeberriak (Telcom Ederlan) torneoa irabaztea lortu zuen, Unai Iribarri (Laboral Kutxa) 50 puntu baino gehiago atereaz. 

Oñati
Bezperan, larunbatean, Lehendakari Txapelketarako baliagarria den XXXII. Oñati Proba jokatu zen (100 km). Juan Fernando Calle (Rural Kutxa-Seguros RGA) eta Asier Etxeberria (Goierriko TB-Laboral Kutxa) batera iritsi ziren helmugara, eta esprintean Calle gailendu zen. Ailetz Lasa zortzigarrena sailkatu zen, Josu Etxeberria 17.a, Eneko Aramendia 23.a eta Alex Uncilla (Telcom) 34.a. Taldeka, Lasaren eta Aramendiaren Goierriko TB-Laboral Kutxa izan zen onena.