Badator Sakanako Bizikleta Eguna, eman izena!

Guaixe 2019ko ira. 17a, 12:44

Irailaren 29an izanen da, Ziordian hasi eta Uharte Arakilen despedituta, Ergoienatik pasa eta gero. Izena emateko azken eguna irailaren 23 da, Mank-en

Sakanako Mankomunitateak antolatutako Sakanako Bizikleta Egunaren 26. edizioa izango da aurtengoa. Irailaren 29an izanen da, igandearekin, goizeko 9:00etan Ziorditik abiatuta. Lizarragan hamaiketakoa eta atsedena hartu eta gero, Uharte Arakilen despedituko da Sakanako bizikleta festa, 39 kilometro eder osatu eta gero. 

Mankomunitateak autobusa antolatzen du, goizeko 7:45ean Irurtzundik abiatuko dena, Sakanako Bizikleta Egunean parte hartuko dutenak euren etxeetan hartu eta Ziordiraino eramateko, eta behin eguna bukatuta, euren etxeetara bueltatzeko. Parte hartzea dohainik da, baina autobus eta kamioi zerbitzuak behar bezala prestatzeko eta ekimenean parte hartuko dutenen asegurua ongi lotzeko, parte hartzeko izena eman beharra dago Sakanako Mankomunitatean, irailaren 23a baino lehen (kirolak@sakana-mank.eus, 948 464 866). 10 urtetik gorakoek bakarrik hartu ahalko dute parte, eta adin horretatik beherakoek, aldiz, nagusiez lagunduta. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzutik argi utzi nahi izan dute Sakanatik barnako ibilbide ez lehiakor honetan parte hartzeko izena ematea derrigorrezkoa dela. Halaber, egun horretarako bizikleta doitzea eskatzen zaie partaideei, eta mendiko bizikleta, kaskoa eta ogitartekoa eramatea. Kaskoa ematea derrigorrezkoa da.