Behar bereziak dituztenendako igeriketa, kirol egokitua, musikoterapia eta psikomotrizitatea antolatu ditu Mankomunitateak

Guaixe 2019ko ira. 19a, 12:40
Milakolore elkarteakin elkarlanean antolatzen da psikomotrizitate eta musikoterapia tailerra.

Igeriketa eta kirol egokitua Arbizuko kiroldegian eskainiko dira, eta musikoterapaia eta psikomotrizitatea Altsasuko Gaztegunean. Izena ematea zabalik dago.

Osasuntsu egon eta ongi sentitzeko kirola egitea oso garrantzitsua da, eta behar bereziak dituzten edo desgaitasunen bat duten sakandarrek oso ongi dakite hori, urtero Sakanako Mankomunitateak kirol eskaintza berezia antolatzen duelako beraiendako. Batetik, igeriketa eta kirol egokitua egiteko aukera izango dute Arbizun, eta, bestetik, musika-terapia eta psikomotrizitatea lantzeko aukera Altsasuko Gazte Gunean.

Arbizuko kiroldegian izaten da behar bereziak dituztenendako igeriketa eta kirol egokitua. Urritik aurrera astelehenetan eta asteartetan ariko dira, 17:00etatik 18:00etara, egun batean igeriketa eta bestean soinketa lantzen. Maalen Beraza izango dute monitore, eta igeriketan trebakuntza duen monitorea ere behar dutela aipatu digute Mank-etik. Hortaz, interesatuek bertara bidali dezakete curriculuma. Ikastaro hauetan izzena ematea dohainik da, Sakanako Mankomunitatean (kirolak@sakana-mank.eus). 

Bestalde, eta Milakolore Elkartearekin elkarlanean, desgaitasunen bat duten pertsona guztiei begira musika-terapia eta psikomotrizitatea ikastaroak hasiko dira urriaren 5etik aurrera, larunbat goizero. Musika eta mugimendua landuko dituzte, dantzak, eta, horretaz gain, pertsona bakoitzari psikologia arreta pertsonalizatua egingo zaio. Goizeko 10:00etatik aurrera hasiko dira saioak. Milakolore elkartekoei euren elkarteak ordainduko die ikastaroa eta gainontzekoek 50 euro ordaindu beharko dute ikasturte osoagatik.