Futbol edo saskibaloi monitoreendako ikastaroa antolatu du Mank-ek

Guaixe 2019ko ira. 18a, 12:43

Formazioa jasotzen dutenek “Futbolean/saskibaloian hasteko prestatzailea” izeneko titulua lortuko dute. Irailaren 27a baino lehen eman behar da izena

Sakanako futbol edo saskibaloi irakasle direnendako edo monitore izan nahi dutenendako formazio ikastaroa antolatu du Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren laguntzarekin. Urrian eta azaroan izanen da formazioa, Altsasun, eta izena ematea zabalik dago irailaren 27ra arte Mank-eko Kirol Zerbitzuan (kirolak@sakana-mank.eus, 948 464 866).

16 urtetik gorako monitoreak onartuko dira futbol eta saskibaloi monitoreendako oinarrizko ikastaro honetan, eta ikastaroa egiten dutenek ondoko titulua jasoko dute: “Futbolean/saskibaloian hasteko prestatzailea”, modalitate hauetako oinarrizko titulua. Ikastaroak bi atal izanen ditu: zati orokorra, 18 ordukoa, eta futboleko edo saskibaloiko espezifikoa, 16 ordukoa. Irakasleak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko eta Nafarroako Futbol Federazioko teknikariak izango dira.